Liderren arteko neurketan Movilquick nagusi

img
Argazkia: Iraurgi SB

Defentsak nagusi izan ziren neurketa batean ISBkoak 38 eta 46 nagusitu ziren Tabirakoren kantxan.

Durangoko Landako kiroldegian irabaztea ez da sekula erraza izaten eta aurkaria partidurik galdu gabe dagoenean, oraindik eta gutxiago. Baina Movilquick Azpeitia ISB ere sasoiko heltzen zen neurketara, izan ere Tabirakorekin batera partidu guztiak irabazita zituen talde bakarra baitzen. Beraz, neurketa oso estu eta gogorra espero zen, eta horrela izan zen, defentsak nagusi izan baitziren ia neurketa osoan zehar.
Durangoko taldea lehenbailehen partidua bere alde jartzeko asmoz irten zen kantxara eta kanpotik asko asmatuta (4 hiruko) bere helburua bete zuen. Baina, pixkanaka-pixkanaka, Movilquickek bere defentsa sendotu zuen eta baloiak lapurtzen hasi zen. Modu honetara kontraerasoan irteteko aukera izan zuen markagailua berdintzera heldu arte. Atsedenaldira heldu arte, neurketa parekaturik joan zen, bi taldek arazoak izan baitzituzten kontrarioaren defentsak apurtu ahal izateko.
Hirugarren laurdena izan zen ISBkoen partetik denetan onena. Izan ere, lehen zatian egindako defentsa gogorra errepikatzeaz gain, aurrez huts egindako bakarkako jaurtiketetan asmatzen hasi ziren eta 0 eta 15eko partziala eginda, partidua bere alde, nabarmen jarri zuten. Baina neurketa zoratu egin zen, etxekoek ez zuten amore eman eta jasotako kolpeari erantzuna eman zioten 11 eta 0ko partziala bueltatuta. Azken bost minutuetan 36 eta 38koa erakusten zuen markagailuak eta amaieraraino parekotasuna nagusi izango zela zirudienean, Movilquickeko neskek beste erreakzio bat izan zuten eta azkenerako 38 eta 46 irabaztea lortu zuten.
Durangon irabazi eta gero, aurreneko postuan dira ISBkoak bakarka, baina neurketa gogor batetik beste batera pasako dira, hurrengo asteburuan, Azkoitian, Ibaeta izango baitute bisitari, iazko txapelduna.
Saskiratzaileak: (11-8/12-12/7-18/8-8)
TABIRAKO BAQUE: Sarasola (2) , Urain (8) , Aldekoa (9) , Garitaonaindia (5) eta Baque (9) – hasierako bostekoa – Lopez, Mendibe, Aperribay, Unzalu,Castro, Zabala (2) eta Barreiro (3)
MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Zabaleta (9), Lizarazu (8), Uria (13), Astigarraga (1) eta Vesga (9) – hasierako bostekoa – Loyola, De Jesus, Goenaga (2), Iturralde (4) eta Aldalur