Aurkariari hazten uzten diozunean…

img
Argazkia: Errotaundi ISB

Errotaundik denboraldiko bigarren porrota jaso zuen, TAKE Orbelaren aurka 69 eta 78 galduta.

Entrenatzen duzun moduan jokatzen dela esaten duen esaldia, ez da beti konplitzen. Bestela, Errotaundi ISBri galdetu besterik ez dago. Aste guztian zehar entrenamendu saio onak egin eta gero, taldeak ez zuen TAKE Orbelaren aurka bigarren erritmo bat jartzeko ahalmenik eduki eta kontrarioaren saretan jauzteko sekulako erraztasuna erakutsi zuen.

Neurketa ez zen gaizki hasi. Erasoan baloia ondo mugituta, sistemak modu onean amaituta eta Irulegiren esku beroa aprobetxatuta, saskiratzeak nahiko errez lortzen ziren. Atzean, gauzak txukun xamar egin zituzten Errotaundikoek, eta arazo bakarrak, erasoko errebotera ez joanagatik bigarren aukerarik ez edukitzea eta erritmo azkarrik ez ezartzea izan ziren. 5 minutuan bakarrik egin zuten korrika etxekoek eta orduan atera ahal izan zuten 10 puntuko abantaila. Baina gauzak ondo joan arren, taldean nolabaiteko tristezia sumatzen zen.

Atsedenaldian aldageletan horri buruz hitz egin arren, poztasun pixka bat eta erritmo bizia eskatu arren partidua puskatu eta lasaiago ibili ahal izateko, taldea lo irten zen kantxara. Kontrarioari hazteko aukera eman zion eta gainera Tolosakoek nahi izan zuten erritmoan jokatu zuten. Kanpotarrek aukera bikain aprobetxatu zuten eta gazteen gogortasunarekin eta nagusien esperientzia erabilita neurketari buelta ematea lortu zuten. Hala ere azken hiruko bati esker, neurketa luzapenera eramatea lortu zuten etxekoek, baina gaitz erdi, azken bost minutuetan apal-apal egurra jaso besterik ez baitzuten egin 69 eta 78 galtzen amaitzeraino eta aldageletara neurketa oparitu izanaren sentsazioarekin joan ziren Iraurgikoak.

Datorren astean Santo Tomas Lizeoaren kantxan jokatu beharko dute, oraindik neurketarik galdu ez duen talde bakarraren aurka. Olentzero etortzeko oraindik bi hilabete falta dira eta opariak emateari utzi beharko diote Errotaundi ISBkoek.