Lanean sinetsi ezean…

img
Argazkia: Iraurgi SB

Lehen zati benetan exkaxa jokatu eta gero 69 eta 48 galdu zuen Errotaundi ISBk Santo Tomas Lizeoaren aurka.

Egin beharra daukazun lanean ez duzunean sinesten, oso zaila da lan hori ondo irtetea. Eta ondo irten ahal izateko gutxienezko baldintza lanerako jarrera ona edukitzea da. Errotaundi ISBk liderraren kantxa bisitatu zuen larunbatean eta lehen zatian ez sinesmena ez eta jarrera ez zuen erakutsi. Santo Tomas Lizeokoak zerbaitegatik dira liderrak, porrotik ez dute ezagutzen eta ez dira besamotzak. Baina egia esan ez zuten gehiegizko gauzarik egin behar izan markagailuan buelta ezina izango zen aldea zabaltzeko.

Errotaundikoek hamargarren minutura arte itxaron behar izan zuten jokoan lehen saskiratzea lortzeko. Julenek erasoan hartutako errebote bati esker etorri zen saskiratze hori, baina ordurako kontrarioak dagoeneko 19 puntu sartuak zituen eta ISBkoen partetik kantxara salto egin zuten hamar jokalarietatik batek ere ez zen kapaz izan saskirako bidea aurkitzeko. Baina bada lege bat esaten duena gaizki doana okerragora egin dezakeela beti. Bigarren laurdenean horixe gertatu zen. Etxekoek korrika egiteko aukera ikusi eta ez zuten bazterrean utzi, kontrarioak ematen zizkion erraztasunak aprobetxatuta. Iraurgikoek ordea, ezer ez. Atsedenaldira 16 puntu bakarrik sartuta heltzen den taldeak asko dauka hobetzeko, eta noski, nekez, oso nekez lortuko du garaipena.

Zurbanok botatakoak eta gero, badirudi zerbait suspertu zirela Errotaundiko mutilak. Atzean lana egiten hasi ziren eta baita errebotea zaintzen ere. Erasoan gauzak ez zitzaizkien nahi bezala irten eta nahiz eta sistemak erabili, azken jaurtiketetan ez zuten gehiegi asmatu. Hala ere, bai hirugarren eta bai laugarren laurdena puntu bategatik irabazi zuten, aurkaria baino gehiago izan daitezkeela erakutsita, baina lanean sinetsi ezean… ordurako etxekoek zuten abantaila hain zen handia, ezin izan zutela ezer egin partiduan sartzeko aukera txiki bat eduki ahal izateko. Azkenean 69 eta 48 eta goi aldean egongo den aurkari baten kontra basketaberage benetan txarrarekin itzuli ziren Iraurgikoak etxera.

Hurrengo asteburuan Hernaniren aurka jokatuko du Errotaundi ISBk etxean eta jokalariek barruan duten kasta atera beharko dute garaipen-porrot balantzea positiboan jartzeko.