Zortzi jokalarirekin ere nagusi

img
Argazkia: J. Zurbano

Movilquick Azpeitia ISBk porrota ezagutu gabe amaitu du ligako lehen itzulia.

Amaitu da ligako lehen itzulia Movilquick Azpeitia ISBrentzat eta oraingoz ez du porrotik ezagutzen. Zazpi neurketa jokatu ditu eta zazpietan irten da garaile. Horrek erakusten du zer nolako denboraldia egiten ari diren Aritz Aldalurrek zuzentzen dituen neskak: bikaina.

Azken neurketa Loiola Indautxuren aurkakoa izan zen eta 8 jokalari bakarrik izan ahal izan zituen entrenatzaileak kontrarioari aurre egiteko, Maria eta Marenen azken orduko bajak tarteko. Hala ere, taldeak badaki lan egin beharra daukala garaipenak lortzeko eta hasiera hasieratik irten zen lanerako gogoz. Oso oldarkor jokatu zituzten lehen minutuak, presioan gogor eta baloi asko lapurtuta. 5. minuturako 13 puntuko aldea zuten Movilquickekoek. Etxekoek defentsa aldatu behar izan zuten aldeak gora egin ez zezan. Baina bigarren laurdenean etorri ziren ISBkoen minuturik txarrenak. Etxekoek kontrarioen presioa apurtzen jakin zuten eta gainera epaileek falta ugarirekin zigortu zituzten gipuzkoarrak. Hala ere, atsedenaldira 26 eta 37 iritsi ziren aurretik Iraurgikoak.

Hirugarren laurdenean defentsako lana oraindik eta gehiago sendotzeko asmoz irten ziren kantxara Aldalurrenak eta errebotean nagusitzen oso nagusi izan zitezkeela erakutsi zuten. Baina nagusitasun hori ez zuten jakin izan saskiratzeetan bihurtzen eta bederatzi puntu bakarrik sartu zituzten, saskira begira huts asko eginez. Baina defentsan egindako lan onak etxekoek oraindik eta puntu gutxiago sartu izana ekarri zuen eta atsedenaldiko aldea handitu egin zen gipuzkoarren alde hirugarren laurdenaren amaieran. Azken minutuetan hautsi zuen markagailua Movilquick-ek kontraeraso bitartez eta saskiratze errazak lortuta 23 puntuko aldea izatera iritsi zen. Azkenean 43 eta 62 amaitu zen neurketa, zazpigarren garaipena jarraian eta hurrengo asteburuan etxean jokatuko dute ISBkoek, Azkoitiko kiroldegian, Getxo, azken sailkatuaren kontra.

Saskiratzaileak: (11-25/26-37/32-46/43-62)

LOIOLA INDAUTXU: Gil (7), Fernandez (2), Carrascal (7), Garcia (11), Aurre (0) – hasierako bostekoa- Ariztimuño (2), Alcivar (4), Ariztimuño.A (0), Alonso (0), Angulo (0) eta San Juan (10).

MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Iturralde (11), Uria (5), Lizarazu (13), Besga (5), Goenaga (4) – hasierako bostekoa – Aldalur (0), Zabaleta (2), Astigarraga (22).