Ondo landutako garaipena

img
Argazkia: iraurgi SB

Errotaundi ISBk 59 eta 56 irabazi zion Hernaniri eta laugarren garaipena batu du.

Aste batetik bestera gauzak aldatzeko kapaz direla erakutsi zuen igandean Errotaundi ISBk. Batean egin beharreko lanean ez zuen sinetsi eta bestean lan egin zuen franko neurketa aurrera atera ahal izateko. Batean lehen laurdena negargarria egin zuen eta bestean hasiera-hasieratik erritmoa jarri eta markagailuan agintari izateko gogoa erakutsi zuen. Hernaniren aurkako neurketak bazuen bere zailtasuna, Iraurgikoek baino garaipen bat gehiago zeukalako batuta eta beraien aurka galduz gero, sailkapenean nahi baino beherago ikusiko zirelako ISBkoak.
Horregatik hasieratik barneratu zuten etxekoek topera irten beharra zeukatela, batez ere defentsako lanean. Kanpokoek egindako lehen bi erasoetan baloia lapurtu zuten Zurbanorenek eta kontraerasoan irten ziren. Saskiratzerik ez zuten lortu, baina ederki asko nabaritu zen, taldea gogotsu irten zela oso. Hernanikoek jokalari sendoak dituzte taula azpian eta ondo ixten dute euren defentsa. Hala ere, Aritzek bikain jakin zuen barneraketa bitartez defentsa hori puskatzen. Saskiratzerik lortzen ez zuenean, kanpora ateratzen zuen baloia taldekideren batek hiruko marratik saiakera egiteko. Gehiegi ez zen asmatu, izan ere, puntu gutxiko neurketa izan baitzen. Hori bai, intentsitatez jositakoa hasiera-hasieratik. Atzean egindako huts txiki batzuek neurketa berdindurik joatera bideratu zuten, baina gauza on bat lortu zuen Errotaundi ISBk, ia minutu gehienetan markagailuan aurretik joatea. Lehen laurdena puntu gutxikoa eta parekatua izan bazen, bigarrena ia kalkatua izan zen. Abiadura gutxiago ezarri zioten jokoari ISBkoek baina erritmoaren jabe izatea lortu zuten. Lehen laurdenean Aritzek egindakoari jarraipena eman zion Julenek barneraketekin kantxaren alde batean. Bestean ordea, Hernanikoen pibotek min handia egiten jarraitu zuten. Hori bai, Iraurgikoak markagailuan aurretik joan ziren aldageletara.
Argi zegoen partidua irabazi nahi bazen lana egin beharra egongo zela eta bi taldeak horretan ibili ziren buru belarri aldageletatik bueltan ere. Azken minutuetara arte oso parekaturik joan zen neurketa, beti ere 3-5 puntu gainetik etxekoak, baina aldea hortik gora igotzerik lortu gabe. Azken minutuetan, badirudi neurketa parekatu batean garaipena horren gertu ikusteak sortzen dituen urduritasunak Errotaundiko mutilak jan zituztela. Erasoan jokatzeko ideiak desagertu egin ziren bat-batean eta defentsan ere, huts tonto pare bat egin zituzten. Hernanik aspaldiko partez markagailuan aurretik jartzeko aprobetxatu zuen, puntu bakarreko aldeaz bada ere, baina hutsarte baten ostean, bi-hiru defentsa ezberdin eta on eginda, errebotea zainduta eta erasoan, berriz ere, Aritzek, bere ohiko indarrarekin egindako barneraketei esker, eta jaurtiketa libreetan asmatuz noski, garaipena etxean gelditu zen: 59 eta 56.
Dagoeneko lau garaipen batu ditu Errotaundi ISBk eta orain, printzipioz bera baino beherago sailkatuko diren taldeen aurka jokatu beharko du, ostiralean Mondragon Unibertsitatearen aurka hasita. Hori bai, lanean jarraitu beharko dute, lan egin ezean, edozeinen kontra galtzeko arriskua baitago.