Ikuskizun aparta

img
Argazkia: Iraurgi SB

GLUAL HYDRAULICS ISB 67 - UNAMUNO 59

Partidu polita izan genuen ikusgai aurreko larunbatean Azkoitiko Elkargunean. Partidu polita bezain gogorra izan zen, bi taldeek ez baitzuten elkar barkatzen.

Partidua erritmo biziarekin hasi zen, bi taldeak errotazio handia duten taldeak dira eta hasiera hasieratik erritmo handia jarri zuten bai defentsako baita erasoko trantsizioetan ere. Etxeko taldeak kanpoaldeko jaurtiketetan gehiago asmatu zuen eta defentsa gogor batean oinarrituz, partiduko lehenengo abantaila garrantzitsuak lortu zituen markagailuan 24-11 aurretik jarriz.

Bigarren laurdena ere ildo beretik joan zen. Bilbotarrek beraien defentsa gogortu zuten, eta hasiera batean bazirudien partidua orekatu egingo zela, baina talde azkoitiarrak asmatu zuen aurkariaren defentsa horri aurre egiten eta zuen abantaila handitzea lortu zuen 16 puntuko aldea lortuz atsedenaldian, markagailuak 38-22koa islatzen zuelarik eta laurdeneko partziala 14-11 izanik.

Hirugarren laurdenean bi aurpegi ezberdin ikusi genizkion etxeko taldeari, eta oso desberdinak gainera. Oso ondo hasi zuen laurdena, hainbeste gustatzen zaion jokoa eginez, 21 puntuko abantaila lortuz 5. minutuan, baina hemendik aurrera gauzak aldatzen hasi ziren, aurkariak defentsa gogortu zuen, honi esker etxeko taldearen jaurtiketak deserosoagoak izatea baliatuz eta errebotean zuten nagusitasunak, beraien joko erritmoa ezartzea ahalbidetu zien. Oso ondo baliatu zuten beraien barnealdeko jokoa talde azkoitiarraren kaltetan eta gauzak horrela berriro ere partiduan sartzea lortu zuten. Markagailuak 50-42koa adierazten zuen, bilbotarrek 12-20ko partziala lortuz.

Azken laurdenak berriro ere kolore granatea izan zuen, talde azkoitiarrak ez zuen nahi garaipena Azkoititik alde egiterik eta berriro ere defentsako lan on batean oinarrituz eta erasoan jaurtiketa libreak baliatuz eta baloia ondo mugituz, saskiratze garrantzitsuak lortu zituen garaipena poltsikoratzeko, laurden ona egin zuten 14 puntuko abantailak ere lortuz, baina amaierako 1:30 minututan huts asko egin zituen eta honek aurkariaren gerturatzea ekarri zuen, hala ere garaipena ez zitzaion alde egin eta 67-59 irabazi zuen partidua, 17-17 partzialarekin bukatu zen laurdena.

GLUAL HYDRAULICS ISB (24+14+12+17): Unai Martinez (1), Unai Bidasoro (6), Xabier Oroz (18), Jon Gurrutxaga (0), Aitor Zubizarreta (20), Julen Zabarte (2), Unai Amenabar (15), Eneko Irulegi (-), Mikel Arrieta (2), Mikel Zuñiga (0) eta Jokin Gurrutxaga (3).

UNAMUNO (11+11+20+17): Ander Perez (8), Imanol Artiñano (24), Gaizka Tellitu (3), Joseba Amuchastegui (0), Ibai Goikoetxea (0), Pablo Alonso (3), Jagoba Guerrero (13), Sergio Gomez (0), David Rosales (5), Martin Gregorio (3) eta Derlis Gabriel Chavez (-).

Hurrengo partidua igandea abenduak 2an izango da Bilboko Indautxuko Jesuiten ikastetxean goizeko 10etan Loiola Indautxu 95 taldearen aurka.