Buru hotza

img
Argazkia: Iraurgi SB

Epailea protagonista nagusi bihurtu zen neurketa batean Errotaundik 77 eta 79 irabaztea lortu zuen Bergaran.

Epaileen eginbeharra ez da sekula erraza izaten. Beti dago alde batetik edo bestetik kexuren bat euren lanarekiko eta horregatik jokalari eta taldeek trabak jarri baino beraiei laguntzen saiatu beharko lukete. Hori horrela da, baina epaileen aldetik ere, euren lana ahalik eta hobeen egiteko konpromisoa egon behar da, bestela, larunbatean Bergaran gertatu zena pasa daiteke: epailea izatea partiduko protagonista nagusia. Arbitroak egun txar bat izan dezake (guztiok izaten ditugu horrelakoak maiz), epaile moduan ere txarra izan daiteke, baina errespetua kantxa gainean irabazi gabe, jokalariak zirikatzen eta euren onetik ateratzen ibili ostean, munduko onena izango bazen moduan kiroldegitik ateratzea ez dago permititzerik. Kontrarioaren eskua gainetik kentzeagatik kirolez kontrako falta adierazi, kontrarioaren bultzakada argi baten ostean estropezuka irteteagatik bikoitzak pitatu, oraindik ere kantxa erdia zeharkatu gabe eduki arren, uztaipean gertatutako zerbait adierazi, bere kidea bertan egonik eta isilik geraturik... Errotaundiko jokalariak sutan jarri zituen behin baino gehiagotan neurketa osoan zehar epaileak, baina noizean behin burua hotz edukitzen jakin beharra dago eta hein handi batean, horri eskerrak itzuli ziren etxera garaipenarekin Iraurgikoak.

Bergarak egia esan ez dauka talde indartsurik eta lehen minutuetan argi gelditu zen hori. Defentsara bueltatzeko zailtasun handiak erakutsi zituzten eta baloiak lapurtu ostean kontraerasoak eginez berehala egin zuen alde ISBk. Jokaldi tamalgarri bat tarteko Bergarako jokalari bat eraman behar izan zuen anbulantziak ospitalera belauna txikitu ostean. Baina horrek ez zituen hoztu Errotaundikoak eta laurdeneko azken minutuetara 5 eta 21 iritsi ziren. Eskerrak alde hori zabaltzea lortu zuten, hortik aurrera dena zailtasunak izan baitziren. Larrak min hartu zuen berotze ariketak egiten eta ezin izan zuen erreferentzi izan taldearentzat. Horrek joko estatikoan min egiteko aukerak gutxitu zituen eta huts batzuen ostean, etxekoek pixka bat gerturatzea lortu zuten. Gerturatu bai baina sekula ez zuten aurretik jartzea lortu, batetik, momentu erabakigarrietan Iraurgikoek asmatu egin zutelako erasoan, nahiz eta epaileak ahal izan zituen traba guztiak jarri, eta bestetik pazientziarekin jokatzen jakin izan zutelako Zurbanorenek. Hori bai, azken minutuak estuak izan ziren oso. Bergarako taldea hazi egin zen grisdunek emandako opariekin eta garaipenean sinesten hasi ziren. Puntu batera eta bi puntura jartzea lortu zuten behin baino gehiagotan baina Xabi Aldalurri eskerrak, erasoan erantzukizuna hartu eta asmatuta, Errotaundik aurretik mantentzea lortu zuen. Etxekoek azken segundoan ere garaipena eskura izan zuten, kantxa erditik jaurtitako baloi batekin, baina honek taulan eta uztaian jo eta gero, ez zuen saskian sartu nahi izan. Benetan garaipena merezi zuenaren alde egin zuen beraz patuak.

Bitxia da baina irabazita ere Errotaundi ISBk postu bat egin du atzera sailkapenean, baina horrek bitxikeria soilean gelditu beharra dauka, taldeak orokorrean gauzak nahikoa ondo egin baitzituen larunbatean eta horrela jarraituz gero, garaipenak batzen jarraituko baitu.