Serio demonio!

img
Argazkia: Iraurgi SB

Errotaundi ISBk denboraldiko zazpigarren garaipena lortu zuen DKSri 76 eta 64 irabazita.

Aro berri bat bizitzen ari da Errotaundi ISB. Entrenatzaile aldaketa izan dute taldean eta taktika eta metodo berrietara ohitu beharra daukate mutilek. Hori bai, neurketei larunbatean bezain serio egiten baldin badiete aurre, ez dituzte arazo asko edukiko garaipenak batzen jarraitu eta aldaketa horietara azkar moldatzeko. Egia da gorabeherak izan zituztela euren jokoan eta momentu txarrak ere pasa zituztela, azken laurdenean jasotako 0 eta 11ko partziala moduan. Baina ondo jokatu zutenean, kontrarioa baino askoz ere nagusiago zirela erakutsi zuten eta 20 puntuko aldeak ere izan zituzten markagailuan.
Aurreneko zatian, erasoan ondo ibili ziren Errotaundikoak, aurretik mantendu ziren une oro, eta bikaina aprobetxatu zuten epaileen teknika batzuek kontrarioa partidutik atera izana. Baina momentu batzuetan erlaxatuegi ere ibili ziren eta DKSk hainbat kontraeraso erraz burutu ahal izan zituen. Iraurgiko taldeak gauza bat dauka ona, serio jokatzen duenean, erasoan min egiteko kapaz dela, baloia ondo mugitzen dakielako aukera onenaren bila. Baina gauza txar bat ere badauka bere ontasun horretan, asmatu beharrean, huts egiten baldin badu, hurrengo jokaldian defentsan arazoak izan ohi ditu eta modu horretara, bere kontrarioak bizirik jarraitzeko aukerak izaten ditu azpitik joanda ere.
Aldageletatik bueltan jokatu zituen Errotaundi ISBk bere minuturik onenak. Donostiarrek ezarritako zonakako defentsa apurtzen bikain jakin zuten. Baloia oso ondo mugitu zuten kanpotik barrura eta barrutik kanpora, saskiratzea erraz lortzeko aukera topatu arte. Defentsa ere nahiko ondo tenkatuta, batez ere errebotean lan bikaina eginda. Kontraerasora ez ziren irten eta horrek egin zutena baino min handiagoa egin ahal izatea ekidin zuen. Hala ere, 20 puntu goitik jartzea lortu zuten, garaipena etxean geldituko zela ziurtatuta. Azkenean, 76 eta 64 izan zen azken emaitza, sailkapenean beraiekin batera zegoen talde baten aurka.
Oraindik lehen itzulia amaitu gabe dago eta liga luze joango da Errotaundi ISBrentzat, izan ere beste 15 neurketa jokatu beharko dituzte. Baina liga aurrera joan den moduan, ikusia ahal izan da talde honek gauzak ondo eginez gero, goia aldean egon beharko lukeela. Momentu honetan bosgarren dago sailkatuta eta horrela jarraituz gero, igoera begira jarriko lukeen lauko finala zergatik ez jokatu?? Horretarako baina, asteon bezain serio jokatu beharko dituzte hurrengo neurketak ere.