Azken jaurtiketak ez zuen sartu nahi izan

img
Argazkia: Iraurgi SB

Movilquick Azpeitiak 61 eta 62 galdu zuen Durangoko Tabirako Baquéren aurka.

Argi dago taldeak dituen bajek min egin dutela Movilquick Azpeitiaren jokoan, bestela ez da normala ordura arte partidu guztiak irabazi zituen talde batek, azken hiru jardunaldietan porrota jaso izana. Azkena baina, puntu bakarrarengatik izan zen, eta gainera neurketa irabazi ahal izateko azken jaurtiketa bat ere izan zuten ISBkoek, baina baloiak ez zuen saskian sartu nahi izan.

Movilquickekoak hotz irten ziren kantxara eta Tabirako izan zen erritmoa ezarri zuena. Kanpotarrek jaurtiketetan asmatu egin zuten gainera eta lehen laurdena 14 eta 20 amaitu zuten. Hurrengo minutuetan gauzak ez ziren konpondu. Etxekoen ahaleginak antzu gelditzen ziren, errebotean gabezi nabarmena erakutsi zutelako batetik eta baloi ugari galdu zutelako bestetik. Hori horrela, durangarrak 30 eta 38 joan ziren atsedenaldira aurretik.

Aldageletatik bueltan etorri zen etxekoen iraultza. Erritmoa ezartzen hasi ziren Iraurgikoak eta kontraerasoak aprobetxatuz markagailuan gerturatzen hasi ziren, nahiz eta kanpokoen azken segundoko saskiratze batek 45 eta 50 utzi zuen markagailua hirugarren laurdenaren amaieran.

Movilquickek baina ez zeukan guztia esana eta lanean jarraitu zuen. Eiderren gidaritzapean markagailuari buelta ematea lortu zuen eta 61 eta 58 jarrai ahal izan zuen markagailua. Azken jokalditan baina ez ziren fin ibili, bi baloi jarraian galdu zituzten eta bizkaitarrek bikain aprobetxatu zuten. Azken jaurtiketak ez zuen sartu nahi izan eta 61 eta 62koarekin garaipenak alde egin zuen beste behin.

Hurrengo astean Ibaeta izango dute aurkari ISBkoek. Partidu gogorra izango da seguru eta hurrengo fasea prestatzen joateko ondo etorriko zaie horrelako partidu bat. Ea garaipenaren bidera bueltatzerik duten.

Saskiratzaileak: (14-20/30-38/45-50/61-62)

MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Zabaleta (2), Loiola (9), E.Iturralde (25), Astigarraga (16) eta Vesga (0) – hasierako bostekoa – Larrañaga (0), De Jesus (0), Goenaga (0), M.Iturralde (9), Aldalur (0), Ugarte(0).