Lehen itzulia bosgarren postuan

img
Argazkia: Iraurgi SB

Lehen 13 partiduetan 8 garaipen eta 5 porrot batu ditu Errotaundi ISBk.

Aurreko asteburuan amaitu zuen lehen itzulia Errotaundi ISBk, eta amaitu, Goierri Verkolen aurka 78 eta 71ko emaitzaz lortutako garaipen batekin amaitu zuen. Partidua denboraldia osoak izan zuen traza berdintsua eduki zuen: gorabeheratsua. Tarteka oso minutu onak jokatu zituzten etxekoek, batez ere bigarren laurdenean, eta baita neurketako azken uneetan. Defentsan sendo agertu zenean, kontrarioak arazo franko izan zituen. Arazoak baina aurrean etorri ziren. Goierritarrek 40 minutuan zonakako defentsan jokatu zuten (ez ziren aspertu) eta baloia ongi mugitzea kosta egin zitzaion Errotaundiri. Lortu zuenean, aldea zabaldu zuen markagailuan, baina oso joko estatikoa erakutsi zuen askotan eta horrek baloiak erraz galtzera eraman zuen. Verkoelkoek bikain aprobetxatu zuten hori eta behin eta berriz kontraerasoan irtenda saskiratzeak lortu zituzten. Modu honetara, garaipena arriskuan egon zen minutu askoan, baina azken uneetan erreakzionatzen jakin izan zuten ISBkoek eta azkenerako garaipena etxean gelditu zen.
Garaipen horrekin zortzigarrena batu zuten Iraurgikoek eta bosgarren lekuan amaitu dute lehen itzulia. Maila honetara igo berriak izanagatik, Errotaundikoek erakutsi dute goi aldean egoteko moduko taldea daukatela eta taldean egon diren arazo, baja eta beste aspektu batzuk tarteko garaipenak batzen ere jakin izan dute. Batez ere, etxean agertu dira oso sendo, neurketa bakarra galduta eta partidu askotan gainera nagusitasun osoa atera dute. Baina denboraldiak izan ditu bere harri koxkorrak ere. Bera baino gorago dauden taldeen aurka besoak jaitsi behar izan dute Iraurgiko jokalariek, Alde Zaharraren aurka izan ezik eta orduan ere (denboraldiko lehen neurketan) bi luzapen eta gero lortu zuten garaipena. Horretaz gainera, Arrasaten galdu izana, edo Bergaran ozta-ozta garaipena lortu izanak argi erakusten du taldeak izan dituen gorabeherak.
Lehen itzulia goian amaitu izanak ordea, lauko finalera sailkatzeko borrokan egoteko aukera ez baztertzea dakar, eta helburu horri begira jarri beharko dute Errotaundiko mutilek. Horretarako baina jokoan erregularragoak izaten jakin beharko dute.