Azken laurdeneko errezitaldia

img
Argazkia: Zuzenkipress

Zurt Taberna ISBk 51 eta 65 irabazi zion Atco. San Sebastiani bajei aurre eginez.

Zazpigarrena batu dute dagoeneko Zurt Taberna ISBko neskek eta beste behin barruan daukaten kasta erakutsita lortu dute. Ez da asterik errazena izan hau entrenamenduak burutu ahal izateko. Denek dakite Azpeitia eta Azkoitia aldean Inauteriek duten indarra eta horretaz gain, kontutan hartzen badugu egin duen eguraldiarekin gaixotzeko arrisku handia dagoela… Gainera Atco. San Sebastianen kantxan jokatzeko Itsaso eta Maitaneren bajak zituen Iraurgiko taldeak eta sailkapenari so eginez partidu berdindua aurreikusi ahal bazen, bi jokalari garrantzitsu gutxiagorekin jokatzeak asko ahultzen zuen Zurt Taberna. Baina denari aurre egiteko kapaz dira neska hauek eta arro sentitzeko moduko garaipena lortu dute 51 eta 65 irabazita, batez ere azken laurden bikain bat jokatu eta gero.

Partidu hasiera zoragarria egin zuten. Defentsan sendo ibilita eta erasoan ere errez jokatuz 0 eta 8ko partziala egitea lortu zuten. Bigarren laurdena iritsi arte agintzen ibili ziren, baina etxekoak esnatzen hasi ziren eta atsedenaldira iritsi aurreko minutuetan ISBkoen gainetik pasa ziren. Donostiarrek behin eta berriz min egiten zuten eta defentsako lanean gainera estutasun handitan jarri kontrarioa. 21 eta 5eko partziala eginda oso alde jarri zitzaien neurketa eta aldageletara 10 puntuko abantailarekin joan ziren.

Hirugarren laurdena, beste biak ez bezala oso parekatu izan zen. Aurrenekoan talde bat izan zen nagusi, hurrengoan bestea jaun eta jabe agertu zen. Honetan berriz, bai talde batek eta baita besteak ere bere indarrak erakutsi nahi izan zituen eta Iraurgikoek aldea murrizteko saskiratze bat lortzen zuten bakoitzean Atleticoko neskek berriz 10era igotzen zuten diferentzia. Azken minutuetan baina, lana eta zortea tarteko, 0 eta 6ko partzial bat lortu zuen Zurt Tabernak eta aldea asko txikitu zuen. Baina onena etortzeke zegoen oraindik, azken laurdenean errezitaldia eman baitzuten ISBko neskek. Gogoarekin eta grinarekin edozer lortu daitekeela erakutsita, erreboteetan nagusitzen hasi ziren, nahiz eta jokalari txikiekin jokatu behar, aurkariari gainera uztairako bidea guztiz itxi zioten eta erasoari dagokionez, ordura arte sartzen ez zen guztia sartzen hasi ziren. Modu honetara, 0 eta 21eko partziala egin zuten Zurtekoek eta azkenerako gozatzen amaitu zuten partidua, aurkari zuzen baten kantxan 15 puntuko aldearekin irabazten amaitzeraino: 51 eta 65. Benetan garaipen bikaina.

Datorren astean Tabirakori egin beharko diote bisita Eiderrek Argentinara joan aurretik jokatuko duen azken neurketa izango delarik. Kantxa zaila izanagatik, duten guztia ematen saiatuko dira beste behin Iraurgiko neskak eta ia Eiderri agur opari eder bat eman diezaioketen.

Saskiratzaileak: (11-16/21-6/12-18/7-25)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (9), Berezi (4), Ainhoa, Irati (2), Maialen, Intza (10), Itsasne (10), Maite (6), Eider (12), Ane (4) eta Aitziber (8).