Liderra larri Azkoitian

img
Argazkia: Zuzenkipress

Caja Vital Kutxa UPVK ezin izan zuen azken laurdenera arte Zurt Tabernaren kontrako neurketan nagusitu nahiz eta azkenean 45 eta 60 irabazi.

Inork gutxik aurreikusiko zukeen Caja Vital Kutxa UPVk, Emakumezko Lehen mailako liderrak, Azkoitian larunbatean horrenbesteko estutasunak pasako zituenik. Sailkapenari so eginda behintzat, faborito argiak ziren gasteiztarrak. Sailkapenean lehen postua izateaz gain, 12 garaipen gehiago edukita eta azken asteetan bere jokoan hobekuntza handia erakutsita heltzen ziren arabarrak Zurt Taberna ISBkoen aurkako neurketara. Baina aurrean, borrokarako prest dagoen talde bat aurkitu zuten eta azken minutuetara arte ez zuten neurketa erabakitzeko ahalmenik eduki.

Etxekoek bazekiten zuten guztia eman beharra izango zutela, aurkariari gauzak zail jarri ahal izateko eta denboraldian zehar erakutsitako grina eta borrokarako gogoarekin irten ziren kantxara. Defentsan oso sendo, gasteiztarrei erasoko aukerak bilatu ahal izatea oso zail egin zitzaien, eta kantxaren beste aldean, baloia ondo mugituaz, uztai azpian min egiten jakin izan zuten Iraurgiko neskek, ligako talderik altuenaren kontra. Atsedenaldira arteko minutuetan antzeko jokoa ikusi zen, baina bigarren laurdenean kanpotik ere saiatu ziren ISBkoak eta baita asmatu ere. Kalitate diferentziak bakarrik eragin zuen aldageletara 26nako berdinketarekin joatea.

Caja Vitalekoek txukunak entzungo zituzten atsedenaldiko 15 minutuetan, beste jarrera batekin irten baitziren kantxara hirugarren laurdenera. Defentsa aldaketa bat ere izan zuten zonakakoan jarriz eta horrek etxekoen erasoa zaildu zuen hasiera batean, kanpotik ez zutelako asmatzen jakin Zurtekoak. Baina zona barruan baloiak jarrita min egiten zutela ikusita hortik eraso egin zuten behin eta berriz. Gainera, defentsan ere ondo saiatu ziren eta errebotea ondo zaintzen jakin zuten. Neurketa oso parekatua joan zen 32. minutura arte. Hortik aurrera ihes egiten hasi ziren liderrak. Batetik defentsa ondo ajustatu zutelako eta zona barruko jokoa eragozten jakiteaz gain, kanpoko jaurtiketetan etxekoek ez zutelako asmatu. Erasoko erreboteetan ere min egiten hasi ziren kanpotarrrak eta 2+1eko pare bat jokaldi jarraian lortuta neurketa apurtzea lortu zuten 45 eta 60 irabazten amaitu arte.

Benetan harro egoteko partidua jokatu zuten Zurtekoek hala ere. Denboraldiko helburua lortu eta gero errazena denboraldia amaitu zain egotea litzateke, baina azken bi neurketetan, lehen postuetan dauden bi talderen aurka hortzak erakutsi dituzte eta edozeini gauzak zail jartzeko ahalmena dutela ikusi ahal izan da.

Saskiratzaileak: (11-12/15-14/8-11/11-23)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (4), Berezi (5), Ainhoa, Irati, Maialen, Intza (17), Itsasne, Maite, Maitane (14), Itsaso (5), Aitziber.