Oporrak ezin garaipenarekin gozatu

img
Argazkia: Iraurgi SB

Partidu guztian zehar borrokan ibili eta gero, azkenean 52 eta 46 galdu zuen Zurt Taberna ISBk, Erroibide Irunen kantxan.

Zurt Taberna ISBko neskek ez dute zorte handiegirik eduki azken hilabetean egutegiari dagokionez. Igoera kanporaketak jokatuko dituzten taldeen aurka neurtu behar izan dituzte indarrak behin eta berriro eta eskerrak, lanak ondo beteta zituztela aurretik eta salbazioa dagoeneko poltsikoan dutela, bestela, gauzak asko zailtzeko moduan ibiliko ziren. Borrokarako gogoa eta aurkariei gauzak zail jartzeko ahalmena erakutsi baldin badute ere, azkenean galtzen amaitu baitute. Aurreko astean, Artalekun jokatutako neurketan Erroibide Irun izan zuten aurkaria, etxekoek garaipena playoff postuetan mantendu ahal izateko derrigorrezkoa zutelarik.

Hori horrela, partidua topera hasi zuten irundarrek eta markagailuan lehen aldeak segituan zabaldu zituzten. ISBkoei kosta egin zitzaien partiduan sartzea. Intentsitate falta nabaria zen, batez ere atzeko lanean, eta erasoan ere ez ziren fin ibili. Lehen laurdenaren amaierako emaitzak argi uzten du bi taldeen arteko tentsio ezberdintasuna: 18 eta 5. Bazekiten jokalariek euren onena ematen ez zebiltzala eta bigarren laurdenetik aurrera txip aldaketa bat eginez, euren jokoa hobetzen hasi zuten. Atzean lana sendotuta, errebotea hobeto zaintzeko aukera izan zuten eta horrek erasoan baloia errazago mugitzen lagundu zien. Laurdena irabazten amaitu zuten, baina lehen laurdenean jasotako partzialak gehiegizko pisua zuen ordurako eta etxekoak nahikoa abantailekin joan ziren atsedenaldira.

Hirugarren laurdenaren hasieran nahi baino arazo gehiago eduki arren, taldeak erreakzionatzen jakin izan zuen eta bi taldeen arteko parekotasuna bilatzen saiatu zen. Baita lortu ere hirugarren laurdenaren amaieran atsedenaldiko abantaila berdina baitzuen Erroibide Irunek: 10 puntu. Eta azken laurdenean iritsi ziren Zurt Taberna ISBkoen minuturik onenak. Lanean gogor jarraituta, etxekoek ikusi zuten sufritu egin behar izango zutela garaipena lortzeko eta urduri jartzen hasi ziren. 0 eta 8ko partziala eginda laura gerturatu ziren gainera Iraurgikoak eta bi puntura jartzeko jokaldian, baloiak ez zuen sartu nahi izan, etxekoen lasaitasunerako eta kanpotarren zoritxarrerako. Lehen laurdenak erabaki zuen partidua beraz eta Erroibide Irunek 52 eta 46 irabazten amaitu zuen.

Denboraldiko azken hilabetean sartzera doaz Zurt Taberna ISBkoak eta berez “bere ligako” taldeen aurka jokatuko dituzte azken partidu hauek. Beraz, jarrera berdinarekin jarraituz gero, ziur garaipenak bueltatuko direla.

Saskiratzaileak: (18-5/11-14/14-14/9-13)

ZUR TABERNA ISB: Garazi (13),Berezi (3), Ainhoa (2), Irati (4), Maialen, Intza (18), Itsasne (4), Maitane (2).