Lehen garaipena Zurten kontura

img
Argazkia: Zuzenkipress

Grupo Viaria Liceo Monjardinek ustekabean 63 eta 60 irabazi zion Zurt Taberna ISBri luzapen baten ondoren.

Ligako azken izanagatik errespetua zor zaio kontrarioari, batez ere, zuk egunik onena ez daukazunean, edozeinek irabaz zaitzakeelako. Gainera neurketa gaiztoak izaten dira sailkapeneko putzuan sartuta eta ezin irten daudenen aurka jokatutako: irabazteko ezer gutxi izaten duzulako eta galtzeko berriz, asko. Horrelako zerbait gertatu zitzaion Zurt Taberna ISBri pasa den asteburuan, Grupo Viaria Liceo Monjardinen kontrako neurketan eta nafarrek, denboraldia amaitzeko hiru neurketaren faltan euren lehen garaipena lortu zuten.

Ustekabeko porrota eta luzapenean, baina porrota. Egia esan, nahiko parekatua joan zen partidua, batez ere lehen bi laurdenak. Etxekoek agindu zuten minutu gehienetan markagailuan, baina sekula ez alde handiarekin. Gipuzkoarrek momentu bakarrean ere ez zuten sentsazio positiboak izan. Baloiak barruan sartzeko sekulako arazoak izan zituzten eta kanpotik ere ez zuten gehiegi asmatu. Bigarren laurdenean lapurtutako baloi batzuei esker markagailuan aurreratzea lortu zuten lehenengoz, baina, atsedenaldirako berriz ere puntu bat azpitik zeuden.

Atsedenalditik bueltan erakutsi zuten Zurtekoek bi taldeen arteko maila diferentzia. Errebotea hobeto itxita eta gauzak zentzuz eginez, gutxika-gutxika nagusitzen hasi ziren, hirugarren laurdena zazpi puntuko abantailarekin amaitzeraino. Bazirudien minutu txarrak paseak zirela eta hamargarren garaipena lortuta bueltatuko zirela etxera Iraurgikoak, izan ere, azken laurdenean ere, abantaila kudeatzen bikain ibili ziren. Hori bai, ez zuten handitu eta azken bi minutuetan etorri ziren komeriak. Iruñekoek 9 eta 0ko partziala egin eta neurketa luzapenera joan zen.

Eta luzapenean, batzuek asmatu (hiru hiruko jarraian) eta besteek huts (bost jaurtiketa libre kanpora botata). Azkenerako 63 eta 60 eta ahoa bete hortz bueltatu behar izan zen Zurt Taberna ISB etxera. Baina kolpe honetatik jaikitzeko erremediorik onena: Getxori larunbatean Azpeitiko kiroldegian 18:30tan jokatuko duten neurketan garaitzea. Neurketa hau izango da gainera Zurtekoek etxean jokatuko duten azkena. Ia garaipen polit batekin ospatzerik daukaten.

Saskiratzaileak: (12-12/18-17/6-14/15-8/12-9)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (15), Berezi (3), Ainhoa (3), Irati (7), Maialen, Intza (10), Itsasne (12), Maite (2), Maitane (7), Ane, Aitziber