Errotaundi ISB Lauko Finalerako sailkatuta

img
Argazkia: Iraurgi SB

Laugarren sailkatuta denboraldiko lehen helburua bete du eta final-erdietan Santo Tomas Lizeoaren aurka jokatuko du.

Amaitu da fase erregularra Errotaundi ISBrentzat Lehen maila Erregionalean. Horrek baina ez du esan nahi denboraldia amaitu denik Iraurgiko taldearendako. Izan ere, ISBko mutilek egindako lan onak bere fruituak eman ditu eta mailaz igotzeko Lauko Finala jokatuko dute maiatzaren 25-26ko asteburuan, Tolosako Usabal Kiroldegian.
Lehen itzulia bosgarren postuan amaitu eta gero denboraldi hasieran zuten helburua berretsi zuten Errotaundikoek eta bigarren itzulia lehen lau taldeen artean amaitzeko nahiarekin jokatu dute partiduz partidu.Hobetzeko zuten gauzetako bat euren joko irregularra erregular bihurtzea zen. Hein handi batean lortu dute, bai behintzat emaitzei dagokienez, laugarren postura igo zirenetik neurketa guztiak irabazi baitituzte. Gainera goikoen aurka gailenduz edo behintzat basketaberagea irabaziz ekin zioten, Santo Tomas Lizeoaren aurkako neurketa heldu arte. Bertan, azken segundoan hirukoa lortuta donostiarrek luzapenera eraman zuten neurketa eta garaipena ere lortu zuten gerora. Neurketa txarrak egon dira, normala den moduan, Hernanin jokatutakoa adibidez. Baina partidu onak ere egin dituzte. Tolosan sekulako karakterra erakutsi zuen taldeak eta nahiz eta uztaira begira gehiegi asmatu ez, neurketa borobila jokatu zuten.
Orokorrean neurketa txukunak egin dituzte bigarren itzuli honetan Errotaundikoek, baina neurketa guztietan ere bi aurpegi erakutsi dituzte jokalariek. Minutu oso onak, minutu benetan eskasekin uztartu dituzte. Onetan alde handia zabaltzeko kapaz izan dira eta horri eskerrak irabazi dituzte neurketa asko. Fase erregularreko azken neurketa izan da joko honen adibide garbiena. Urretxun bigarren eta hirugarren laurdenak zoragarri jokatu zituzten. Defentsan ezin hobeto, errebotea ere nahiko ondo zainduta, baloiak lapurtu ahal zituztenean azeri jokatuta eta kontraerasora behin eta berriz irtenda. Bost-bosten kontrako erasoetan ere asmatu zuten, baloia ondo mugituz eta beti aukera onena bilatuz, 30 puntuko aldea zabaldu arte. Baina azken laurdena, agian dena eginda zegoelakoan edo, negargarri jokatu zuten. Etxekoek beste munduko ezer egin gabe, 16 puntugatik irabazi zituzten 10 minutu horiek. Beraz, hemendik bi asteburura jokatu beharreko neurketara batek jakin nola iritsiko diren Iraurgiko jokalariak. Gauza bat badute garbi behintzat, denboraldian zehar bi neurketak irabazi dizkion talde bakarraren aurka jokatu beharko dutela: Santo Tomas Lizeoaren aurka. Hirugarrenean agidanez??