Hasiera guztiak dira zailak

img
Argazkia: Iraurgi SB

Errotaundi ISBk CD Internacional taldearen aurka 48 eta 60 galduta hasi du liga.

Iaz, denboraldi ia borobila egin eta gero, Lehen Erregionalera igo berria zen Errotaundi ISBk guztiak zur eta lur utzi eta igoeratik, puntu bakarrera gelditu zen, Tolosan jokatu zen Lauko Finaleko azken neurketan luzapenean TAKEren aurka puntu bategatik galtzen amaitu eta gero. Horrek agian, nolabaiteko statusa eman zion taldeari eta talde askok pentsatuko dute ISBk goian egoteko taldea izango duela aurten ere.
Urtetik urtera baina gauzak asko aldatzen dira batzuetan eta “okinen” artean ere horrela gertatu da. Iazko sei jokalari ez daude dagoeneko taldean eta beheko mailetatik jokalariak gogotsu igo badira ere, oraindik mailara ohitu beharko dute eta prozesu hori ez da epe motzekoa izaten. Taldeak zerotik hasi beharra dauka eta hori behar du izan jokalarien pentsaera ere, pasatakoa pasata baitago jada. Eta hasiera guztiak, normalean behintzat, zailak izaten dira.
Errotaundi iazkoaren berdina ez dela argi utzi zuen aurreko asteburuan, liga hasiera eman zion Internacional CD taldearen aurkako partiduan. Baina ez gauzak hobeago edo gaizkiago egin zituelako, iazko taldearen arima falta izan zitzaiolako baizik. 35 minutuan kantxatik barrena ibili ziren jokalariak gora eta behera, herriko plazan ibiliko bailiran, behin eta berriz kontrarioak egingo zuenaren menpe, izpiritu gabe, akatsak bata bestearen atzetik eginez eta iaz euren azpitik nabarmen gelditu zen talde batek aginte makila hartzeko beldurrik ez zuela ikusita. Egia da halaber, 22 puntu azpitik ibili eta gero, taldeak behintzat, karakterra badaukala erakutsi zuela. Kontrarioek dena egina zutela pentsatzen hasi zirenean, etxekoek 15 eta 0ko partziala egitea lortu zuten, eman dezaketenaren printza batzuek erakutsita. Erreakzio hori etorri zenerako berandu zen eta donostiarrek merezita eraman zuten garaipena, baina taldeak lan egiteko duen modua ikusita eta partiduko erreakzio horrek, optimista izateko esperantza bizirik mantentzen du.
Egurre Errotaundi!!