Movilquick ISBk garaipenarekin hasi du denboraldia

img
Argazkia: Movilquick ISB

Ligako lehen partiduan 53 eta 36 irabazi zion Tabirako Baque talde bizkaitarrari.

Denboraldia hasteko modu hoberik ez dago: garaipen batekin. Movilquick ISBko neskak pozik egongo dira beraz lortutakoarekin, baina oraindik zer hobetua badaukatela ere agerian gelditu zen eta taldeak lanean jarraitu beharko du mailarik onenera iristeko.
Azken orduko bajek (Lizarazu, Soraluze eta Bereziartua) taldearen errotazioa 10 lagunera murriztu bazuen ere, erritmo biziz jokatzen hasi ziren Aritz Aldalurrenak. Denboraldi hasierako huts tipikoak egin arren, baloi asko lapurtzeko kapaz izan ziren ISBkoak eta jaurtiketa libreetan asmatuta, lehen laurdena 14 eta 9 amaitzea lortu zuten. Bigarren laurdenean, barruko jokalarien falta arazoek eta Maren Loiolaren lesioak, neurketa hasierako errotazio zailtasunak are eta handiagoak bihurtu zituzten. Kanpotarrak arazo horiek ikusita errebotean min egiten hasi ziren, baina aspektu horretan nagusitu arren erasoko jokoan ez zuten gehiegi asmatu. Movilquickek berriz presioa ondo egiten jakin izan zuen eta baloi asko berreskuratuta, saskiratze errazak lortu zituen kontraerasoan, atsedenaldirako aldea zabalduz.
Atsedenalditik bueltan, Durangokoak neurketaren norabidea aldatu nahian, zonakako defentsan jarri ziren eta neurketaren erritmoa jaitsarazi zuten. Bazirudien kanpokoen alde joko zuela horrek, etxekoek arazo dezente izan zituztelako baloia mugitzerako orduan. Baina kanpotik asmatzen hasi ziren Movilquickekoak eta aldeak behera egin beharrean gora egiten jarraitu zuen, laurden amaierara 44 eta 28 heldu zirelarik. Azken laurdenean beraz, etxekoek ez zuten aldeari eutsi behar beste lanik eta horretan bikain aritu ziren garaipena etxean uzten amaitzeraino.
Datorren astean Donostian jokatuko dute ISBkoek Donosti Basketen aurka. Lanean jarraitu eta jokoa hobetzen jarraitzeko aukera bikaina izango da. Ia bigarren garaipena iristen den.
Saskiratzaileak: (14-9/30-18/44-28/53-36)
MOVILQUICK ISB: Ugarte (2), Galdos (14), Olarte (2), Iturralde (0) eta Goenaga(2) –hasierako bostekoa – Aldalur (0), Loiola (0), Besga (13), Uria (20) eta Olano (0).