Movilquick-ek bigarrena poltsikora

img
Argazkia: Movilquick Azpeitia ISB

39 eta 56 irabazi zion Donosti Basket-i,Ainhoa kantxetara itzuli zen egunean.

Movilquick Azpeitia ISBk bikain hasi du denboraldia. Bi neurketa eta bi garaipen. Bajei aurre egiten badakiela ere erakutsi du Aritz Aldalurren taldeak, aurreko neurketan hiru baja izan bazituen oraingoan ere beste horrenbeste izan baititu, eta hala ere, garaipena eskuratu du. Bajak dira albiste txarra, baina garaipenez gain, beste notizi ona batzuk ere batu ditu Movilquick-ek, izan ere, aurreko astean Naroa izan bazen denbora luzez kantxetatik aldenduta egon eta gero, jokora bueltatu zena, aste honetan Ainhoa izan da eta gainera biak ala biak maila bikainean bueltatu dira.
Donosti Basketen aurkako neurketan, azken markagailuak besterik erakusten badu ere, gogotik egin behar izan zuten lan ISBko neskek. Erritmo biziz ezarri nahi izan zion neurketari hasieratik Aritz Aldalurrek eta bere neskak buru belarri ahalegindu ziren horretan. Baloi ugari lapurtu eta kontraerasoan hainbat saskiratze lortuta 9 eta 19 partziala lortu zuten lehen laurdenean. Baina bigarrenean, etxekoek zonakako defentsa ezartzearekin bat, etorri ziren lehen arazoak. Defentsa horri nola aurre egin ulertu gabe, puntuak ezin lortu ibili ziren. Hala eta guztiz ere, atsedenaldira alde handi xamarrekin iristea lortu zuten.
Aldageletan ideiak argitu eta baloia azkarrago mugitzeko kapaz izan zen Movilquick. Modu horretara zona barruko jokalariek min egiteko aukera gehiago izan zuten, eta gainera kanpotik ere fin ibili ziren jaurtitzaileak. Hori bai, jaurtiketa libreetan ez ziren finegi aritu eta hori dela eta ezin izan zuten partidua guztiz apurtu. Azken minutuetan, berriz ere intentsitatea igota baloiak lapurtzeari ekin zioten ISBkoak. Horrela saskiratze errazak bueltatu ziren eta aldeak gora egin zuen, azken 39 eta 56kora iritsi arte.
MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Aldalur(0) , Ugarte(9) , Besga(6) , Uria(13) eta Goenaga(2) – hasierako bostekoa- Lizarazu(8) , Olarte(4) , Soraluze(4) , Olano(0) eta Bereziartua(10).
Hurrengo pausua hirugarren garaipena erreskadan lortzea izango da eta horretarako aukera larunbatean Azkoitiko kiroldegian edukiko dute Gasteizko Araskiren aurka.