Jokoa jolas bihurtuta

img
Argazkia: Iraurgi SB

Errotaundi ISBk 54 eta 63 galdu zuen Santo Tomas Lizeoaren aurka larunbatean.

Errotaundi ISBk oraindik ez du lortu bere kasilatxoan garaipen bat agertzea. Hiru neurketa jokatu eta hiruretan porrota ezagutu du. Hori baina ez da okerrena, ustezko aurrerapausoak bat-batean atzerapauso bihurtzeko jokalariek izan duten gaitasuna da kezkagarriena.
Aurreko astean Tolosan jarrera eta joko aldetik taldeak aurrerapausoa eman zuela esan bazitekeen, asteburu honetan Santo Tomas Lizeoaren kontra taldeak bere gabeziak oso nabari utzi ditu. Fisikoki jokalari batzuek asko sufritzen dute eta sufritzen ez duenak ez du jakiten abantaila nola atera; teknikoki maila paretsuan daude talde guztiak eta hortik irabazi ahal izatea ere zail egingo da. Baina batez ere jarrera aldetik erakutsi zuen taldeak gabezia. Gogoak ez dira falta, hori egia da, eta entrenamenduz entrenamendu erakusten dute hori “okinek”. Baina jokoan, gogoa baino gehiago behar izaten da askotan jarrera aldetik. Gogoa eta desioa ez dira berdina jokoa tartean dagoenean, bestela jokoa jolas bihurtzen da askotan, eta horrelako zerbait gertatzen ari zaio Errotaundiri denboraldi hasiera honetan. Horren adibide da pasa den larunbatean jaurtiketa libreetan edukitako %35eko bataz bestekoa. Maltzurkeria apurrena ere ez da erraza aurkitzen eta pibotek, izaten duten baloi apurretan jokaldia amaitzeko dituzten zailtasunak erakusten dute hori. Batzuetan ezinagatik, bestetan “beldurragatik” edo…
Dena ez da txarra noski. Txarrenetik ere gauza positiboak atera daitezkeela esan ohi da maiz eta kasu honetan ere horrela da. Taldeak karakterra dauka. Tolosan erakutsi zuen, Interren aurka ere minutu batzuetan atera zuen barruan dauka kasta, eta Lizeoaren kontra ere minutu on batzuk egin zituzten jokalariek, dena galdutzat eman zezaketenean. Eta zergatik ez esan, goi aldean egongo den talde baten aurka, horren partidu eskasa jokatu eta gero 9 puntugatik galtzeak erakusten du den dena ezin dela txarra izan. Orain falta dena da karakter, desira eta joko on hori, minutu gutxi batzuetan bakarrik erakutsi beharrean, ahalik eta minutu gehienetan erakustea.