Hirutik hiru

img
Argazkia: Iraurgi SB

Movilquick ISBk 73 eta 52 irabazi zion Araskiri eta oraingoz ez du porrotik ezagutzen.

Aritz Aldalur eta bere neskak lan bikaina egiten dabiltzala liga hasiera honetan ez dago dudarik. Hiru neurketa jokatu eta hiruretan garaipena lortu dute. Gainera, joko oso jakin batekin lortu dituzte neurketak aurrera ateratzea. Presioa aurrean egin eta defentsa sendo baten bitartez baloiak berreskuratuz saskiratze errazak lortzen iaio bihurtu dira Movilquickeko neskak.
Larunbatean adibidez, Araskiren kontra Azkoitiko kiroldegian jokatutako neurketan modu horretan lortu zuten neurketa apurtzea eta lehen zatian egin zuten gainera. Lehen aldeak zabaldu eta gero, euren nagusitasuna goitik behera erakutsi zuten bigarren laurdenean. Defentsako lanean berdin jarraituz eta erasoan oso fin ibilita, atsedenaldirako ia erabakita utzi zuten neurketa. Izan ere, baloia bikain mugitzen jakin izan zuten erasoan eta horretaz gain jaurtiketetan ere asko asmatu zuten. 48 eta 25eko emaitzarekin, bigarren zatian oso gaizki egin beharko zituzten gauzak partiduak okerreko bidea hartzeko.
Egia esan Movilquickek ez zuen hirugarren eta laugarren laurdenetan aurreneko bietan bezain ondo jokatu. Posible da markagailuan horrenbesteko aldea zutela ikusita, buruak erlaxatuago jokatzera eraman izana, baina intentsitatea ez zen berdina izan, ezta gutxiago ere. Hala ere, aldeak bere horretan jarraitu zuen, izan ere, neurketa joan-etorriko saskiratze trukaketa batean bihurtu zen, batez ere azken minutuetan. Hori horrela aldeak bere horretan jarraitu zuen eta azkenean 73 eta 52 amaitu zen partidua.
Saskiratzaileak: (20-12/48-25/57-37/73-52)
MOVILQUICK ISB: Ugarte(4), Galdos(6), Lizarazu(17), Goenaga(6) eta Iturralde(6) – hasierako bostekoa – Aldalur(2), Loiola(2), Besga(8), Olarte(4), Soraluze(5), Olano eta Bereziartua(13).