Hobetzen hasteko beharra

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk bere bigarren porrota jaso zuen Urretxun 57 eta 46 galduta.

Aurreko astean hasi zuen denboraldia Azkoitia Azpeitia ISBk, etxean, Atco. San Sebastianen aurka. Ez zuen oso itxura ona eman taldeak, batez ere erasoan, markagailuak erakutsi zuen 48 eta 56ko azken emaitzak argi uzten duen moduan. Baloi galdu gehiegi izan zituen taldeak (25 guztira) eta horrela garaipena lortzea benetan da zaila.

Gauzak beste era batera irteteko asmoz joan ziren asteburuan Urretxura Alex Astigarragarenak, baina akatsetatik ezin ikasi eta huts berdintsuak eginez berriz ere porrotarekin itzuli ziren etxera. Hirugarren laurdenera arte aukerekin ibili zen taldea. Goierri Verkol baino gutxiago ez zela erakutsi zuen. Zortzi puntuko aldea izatera ere iritsi zen, baina hori lortu bezain pronto, argia itzaliko bailitzaie bezala, ideia gabe hasi ziren jokatzen. Bakoitzak bere erara gudua egiten saiatuko balitz bezala, botea gehiegi erabilita eta defentsan zailtasunez lortzen zen baloi bakoitza, erasoan errazegi galduta. Azken laurdenean 5 puntu besterik ez zituzten lortu Azkoitia Azpeitia ISBkoek eta horietatik 2 jaurtiketa libreen bitartez izan ziren. Kanpotarren ahulezia ikusita etxekoak gora etorri eta jaurtiketetan asmatzen hasita neurketa Goierrin geldituko zela argitu zuten. ISBkoak etxera Goierrik irabazi zuela baino beraiek galdu zutenaren sentsazioarekin bueltatu ziren.

Zalantzarik ez dago hobetzeko gauza asko daudela eta hobetzen hasteko beharra dagoela taldean, eta egoera hau aldatzeko giltza jokalarietan bertan dago. Jokalariek nahia badute, baina hasiera txar honi buelta emateko guztiek eman beharko dute gehiago, bai astean zeharreko lanean eta baita asteburuko neurketetan ere. Ia aldaketa aste honetan bertan heltzen den, Arrasateko Ointxeren aurka Azpeitiko Kiroldegian larunbat arratsaldean jokatuko duten neurketan. Josu Larreategirenek orain arteko bi neurketak irabazi dituzte. Lehen porrota Azkoitia Azpeitia ISBren aurka iritsiko ote?

Saskiratzaileak: Xabier Aldalur (1), Josu Urbizu (7), Xabier Oroz (11), Javi Amenabar (4), Eneko Irulegi, Mikel Azkue (14), Unai Amenabar (4), Luis Agirre (2), Beñat Aldalur (3), Beñat Alzibar, Mikel Arrieta eta Jokin Gurrutxaga.