Joseba Lizarralde: “beheko mailetan dauden neska taldeak ikusita argi daukat, hurrengo urteetan lehen taldeak gora egingo duela”

img
Argazkia: Iraurgi SB

Joseba Lizarralde “Rubio” bigarren urtez jarraian da Zurt Taberna ISBko entrenatzailea nesken Lehenengo mailan eta orain arteko bere esperientzia oso positiboa dela esan digu.

- Bigarren urtea da dagoeneko nesken lehen taldearekin zuretzat eta kanpotik ikusita behintzat ezin hobea izaten dabil esperientzia?
“Neretzako iazkoa nobedade handia izan zen, beti beheko mailetan lan egindakoa bainintzen eta seniorretara eta horrelako maila batera gainera saltoa ematea… hasierako kezka horiek nolabait baretzen joan ginen denboraldian zehar eta postuan asentatzen baita. Neskentzako ere egoera berria zen, sei urtez entrenatzaile berdinarekin ibili eta gero aldaketa handi xamarra zetorkielako, baina nire ustez, izugarrizko esperientzia positiboa izan zen. Niri behintzat asko ikasteko balio izan zidan. Gainera, nahiko azkar lortu genuen helburua, otsailerako mailari eutsita geneukalako eta gauza positibo asko bizi izan genituen. Aurten gauzak errazagoak dira alde batetik, elkar hobeto ezagutzen dugulako eta beraien jarrera bikaina delako, bai entrenamenduetan, bai gauzak proposatzerako orduan… beti daude prest lanerako. Momentuz oso ondo hasi gara eta nahiz eta gure helburua berriz ere ahalik eta azkarren mailari eustea izango den, disfrutatzen gabiltza eta horri eutsi behar diogu. Garbi daukaguna da lana eginez gero edozeini irabazteko kapaz garela, baina egin ezean edozeinekin gal dezakegula baita.”
- Agian gakoa hor dago, edukitako zailtasunei aurre egiten jakin izan dela talde moduan funtzionatuz.
“Hori da, argi eta garbi. Indibidualtasunen gainetik garbi daukagu hau talde bat dela. Batzuek ikasketak direla edo lana dela taldea utzi behar izan dute. Beste batzuk taldera bueltan dira. Aurten adibidez Anaren kasua adierazgarria da, urte betez kantxetatik kanpo egon eta gero zenbateko ilusioz eta indarrez itzuli den. Azpimarratzekoa da baita ere guregana etortzen diren juniorren lana ere. Beti daude esku bat botatzeko prest, baita entrenamenduak doblatu behar dituztenean ere. Eta jarrera hori ikusita, taldeko beteranoek ere gazteak taldekotzat hartzen dituzte. Oso giro ona dago, lanerako gogoa eta guzti horrek emaitza onak ekartzen ditu.”
- Zu orain arte azpiko mailetan lanean egon zaren aldetik eta orain goi mailan egonda, behean egiten den lan eskergagatik dagoen maila ona goian islatzen al da?
“Nire ustez Azpeitian eta Azkoitian beheko mailetan dauden neska taldeak ikusita argi daukat, hurrengo urteetan lehen taldeak gora egingo duela bere mailari dagokionez. Beheko mailetan entrenatzaileek egiten duten lana izugarria da eta lan horrek bere fruituak eman beharra ditu. Azken finean, Azpeitia-Azkoitia bezalako “herri” batean Nesken Lehen mailan horrenbeste urtetan talde bat izatea seinale ona da. Kontutan hartu behar da beste talde gehienak hirietakoak direla eta biztanle kopuru gutxien duenetako gu geu. Gainera, herrietako taldeek ere, batetik dela edo bestetik dela jokalariak ekartzen dituzte. Guk ordea, etxeko neskekin bakarrik egiten dugu lan, fitxaketarik gabe.”
- Optimista ikusten zaitugu.
“Oso. Egia da ikasketak direla edo beste arazoren bat dela urteren batean arazoak edukitzea, baina neska hauek jartzen duten gogoarekin, optimista derrigorrean izan beharra daukat. Gainera liga hasi eta bi neurketa jokatuta bi garaipen lortu ditugu. Autobusean beste gunean bueltan gentozela neskei esaten nien bezala, larunbatean garaipena lortu eta gero, astelehenak beste kolore bat izaten du. Ia asteburu honetan hirugarren erreskadan lortzen dugun. Gero ligak jarriko gaitu egon behar dugun lekuan, baina talde honek gauza positibo asko emango ditu, lesioek errespetatzen bagaituzte behintzat, jokalariek duten jarreragatik, fisikoki besteak baino gutxiago ez garelako eta joko honekin disfrutatu egiten dugulako”
- Hala ere, nesken saskibaloiak oihartzun gutxiegi daukanaren sentsazioa ez al daukazu?
“Baina hori normalean kirolean orokorrean gertatzen den gauza bat da: mutilen kirola askoz ere gehiago jarraitzen da neskena baino. Hala ere, iaz nire lehen urtean Zurtekin, egia esan sekulako poza hartu nuen ikusita Azkoitiko kiroldegira zenbat jende joaten zen partiduak ikustera; lagunak zirela, familiartekoak edota kalean zebilen jendea kiroldegira gerturatutakoa. Gero ere, teknologia berriak direla eta, facebook, twitter… jendeak jarraitzen du Zurten egunerokoa, baina egia da agian, oihartzun gehiago beharko lukeela taldeak kontutan hartuta herriko neskek jokatzen dutela eta horra iritsi ahal izateko sekulako lana egiten dutela, bai behe mailako entrenatzaileek eta baita jokalariek beraiek ere.”