Mondragon Unibertsitatearen aurka lehena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk 68 eta 49 irabazi zuen bere lehen partidua defentsan lan bikaina egin eta gero.

Aurreneko bi partiduetan emandako itxura kaskarra ahazteko nahiarekin eta behingoz garaipena lortu eta beheko postuetatik ihes egiteko asmoarekin heldu zioten Azkoitia Azpeitia ISBko mutilek Mondragon Unibertsitatearen aurkako neurketari. Arrasatearrak bi neurketak aise irabaztetik zetozen eta duten taldea ikusita jakina da goiko postuetan ibiliko direla, baina bi talde hauen arteko neurketak beti izaten dira gogorrak eta bereziak, elkar ondo ezagutzen dutelako.

Iraurgikoek garaipenerako bidea zein izan behar den ulertu zutela esan daiteke. Astean zehar egindako lanean, euren identitatea defentsatik hasi behar zela barneratu zuten, gerora horrek erosoago jokatzeko aukera emango baitzien. Ideia horrekin kantxaratu ziren larunbatean Azpeitiko kiroldegian eta behin eta berriz lortu zuten arrasatearren erasoari arazoak sortzea. Oso gutxitan lortu zuten kanpotarrek jaurtiketa erosoren bota ahal izatea eta horri esker, markagailuan agindu zuten une oro etxekoek. Gainera aurreko egunetan baino finago ibili ziren erasoan eta batez ere jaurtiketa libreetan asko asmatu zuten. Horretaz gainera, erasoko errebotean ere min egiteko aukera izan zuten behin baino gehiagotan. Guzti horrek eraman zien hirugarren laurden amaierarako hurrengo minutuetan lasai jokatzeko aukera emango zien abantaila izatera. Azken minutuetan, alde zuten abantaila hori kudeatzeko kapaz bakarrik ez, handitzen ere jakin izan zuten eta azkenerako garaipen bikaina lortu zuten. Talde garaipena, guztiek elkar lagunduta eta denek barruan zuten guztia emanik lortutakoa.

Hurrengo neurketa, Gasteizen jokatuko dute Alex Astigarragaren mutilek, Araberriren bigarren taldearen kontra. Arabarrek oraindik ez dute garaipenik lortzeko aukerarik izan. Horrela jarrai dezatela, beste jardunaldi bat behintzat.

Saskiratzaileak: (11-13/19-14/17-10/21-12)

AZKOITIA AZPEITIA ISB: X. Aldalur, Josu Urbizu (14), X. Oroz (26), Jakes (8), Jabi Amenabar (3), Irulegi, Azkue (5), Unai Amenabar, Luis, Beñat Aldalur (2), Jon Etxaniz (9) eta Beñat Altzibar (2).