Lan onaren emaitza: lidergoa

img
Argazkia: Iraurgi SB

Zurt Taberna ISBk 66 eta 38 irabazi zion UPV/EHU Araba Araskiri eta lehen mailako lider da hiru garaipen jarraian lortu eta gero.

Astero-astero goraipatzen gabiltza Zurt Taberna ISBko neskek egiten duten lan eskerga, eta lanak normalean fruituak ematen dituenez, aste honetan hirugarren garaipena jarraian lortu eta gero, Lehen Mailako sailkapeneko lehen postuan ikusi ahal izango ditugu Iraurgikoak. Etorriko dira momentu zailak eta neurketa gogorrak, baina orain arte egindakoaz disfrutatzen jarraitzeko eskubide guztia daukate Zurtekoek, liga hasi zenetik porrota zer den ez baitute ezagutu.

Lortu duten azken garaipena larunbatean Gasteizko UPV/EHU Araba Araskiren aurkakoa izan da. Aurreko partiduetan ez bezala, ez zuten ISBkoek partzial handi bat egin hasieran. Egia esan, kosta egin zitzaien partidan sartzea eta lehen laurden arraro xamarra jokatu zuten. Defentsan ohiko presioa egin eta kontrarioak arazotan jarri zituzten, baina erasoan prezipitazioa izan zen nagusi. Hurrengo minutuetan, gora-behera handiak ikusi genituen. Alde batean, partzial on bat lortzen baldin bazuen talde batek hurrengo, besteak berdina egiten zuen beste aldean, baina etxekoen onerako azken partzial handia Zurtek egin zuen, atsedenaldira 14 puntuko abantailarekin joatea ahalbidetu ziona: 31-17.

Atsedenaldian argi gelditu zitzaien etxekoei ezin zutela kontrarioa partiduan bizirik utzi, azken minutuetan sufritzen amaitzeko aukera asko izango baitzituzten eta hori dela eta mahai gainean kolpea ematera irten ziren kantxara. Erritmo azkarra jarri eta presioarekin baloiak behin eta berriz berreskuratuta (aipatzekoa Intzaren lana aspektu honetan) 14 eta 0ko partziala burutu zuten, neurketa guztiz erabakita utziz. Defentsan lanean jarraitu zuten hala ere eta arabarrek 5 puntu besterik ezin izan zituzten laurden guztian. Azken minutuetan, agian neurketa erabakita zegoelako edo, ez zuten ondoegi jokatu Zurteko neskek eta horrek eragin zuen laurdena gasteiztarren alde amaitzea, baina azkenerako emaitza potoloarekin irabazi zuen Zurt Taberna ISBk: 66 eta 38.

Lau neurketa gogor jarraian izango dituzte orain ISBkoek, lehena Durangon, Tabirakoren aurka larunbatean jokatu beharrekoa. Bizkaitarrak goi aldean egoteko moduko taldea daukate, baina gipuzkoarrekin seguru sufrituko dutela.

Saskiratzaileak: (14-11/17-6/25-5/10-16)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (8), E. Iturralde (3), Ana (13), Irati (1), Intza (22), Berezi (5), Maite (5), E. Bereziartua (1), Itsaso (4), Aitziber (4)

EHU/UPV ARABA ARASKI: De la Torre, Picazo (4), Vesga (8), Ortega (2), Iñiguez (2), Sarasti (6), Paniagua, Larrazabal (3), Cano (3), Garcia (6), Magan (4)