Hirugarren laurden erabakigarria

img
Argazkia: Iraurgi SB

Movilquick Azpeitia ISBk Araba A-ri 63 eta 45 irabazita denboraldiko bosgarren garaipena lortu du.

Nesken lehen taldearen antzera, junior mailako neskek ere ezin hobeto hasi dute denboraldia. Bost jardunaldi eta bost garaipen eta Gernikarekin batera sailkapenaren lehen postuan aurkitzen dugu Movilquick Azpeitia ISB. Gainera, Aritz Aldalurrenek joko molde jakin bat eraiki dute eta horri esker, Euskal Ligako saskiratzaile nagusi izatea lortu dute.
Araba A-ren kontra larunbatean jokatutako neurketan baina, kosta egin zitzaien lehen saskiratzea egiten. Akatsez akats hasi ziren ISBkoak, baloi ugari galduz eta saskiratze errazak ziruditenak erratuz. 4. minutuan etorri zen etxekoen lehen saskiratzea baina gauza on bat lortu zuten, arabarrak markagailuan alde ez egitea. Bigarren laurdenetik aurrera hobetzen joan zen Movilquickekoen jokoa. Presio bitartez baloiak berreskuratzen hasi ziren eta 11 eta 3ko partziala eginda aurretik jarri ziren markagailuan. Hala ere, kanpotarrek ez zuten etsi eta gutxika-gutxika gerturatzen hasi ziren berriz, aldagelara puntu bat goitik joatea lortu arte: 24 eta 25.
Atsedenalditik bueltan etorri ziren etxekoen minuturik onenak. Erritmo bizia ezarriz eta baloi ugari lapurtuz saskiratze ugari lortu ahal izan zituzten. Arabarrek ezin zuten gipuzkoarrek ezarritako erritmoarekin eta fisikoki ordaintzen amaitu zuten, laurden amaieran Movilquickek zuen 15 puntuko aldeak erakusten duen moduan. Azken laurdena nahia eta ezina izan zen kanpotarrentzat. ISBkoek bikain jakin izan zuten abantaila kudeatzean eta partidua amaitu arteko saskiratze trukaketan berriz ere etxekoak irten ziren garaile. Azkenean 63 eta 45 eta oraindik porrotik ezagutu gabe jarraitzen du Movilquick Azpeitia ISBk.
Hurrengo partidua Donostian jokatuko dute Aritz Aldalurrenek, Easoren aurka. Ligako talde gogorrenetariko bati aurre egin beharko badiote ere Iraurgikoek seigarrena bilatuko dute.
Saskiratzaileak: (10-11/24-25/47-32/63-45)
MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Besga (6) , Galdos (13) , Lizarazu (15) , Olarte (0) eta Soraluze (4) – hasierako bostekoa – Loiola (5) , Ugarte (6) , Uria (5) , Goenaga (6) , Iturralde (0) , Olano (0) eta Bereziartua (3).