Poto

img
Argazkia: Iraurgi SB

Errotaundi ISBk 59 eta 53 galdu zuen Cafés Aitona Askatuaken kantxan eta garaipenik lortu gabe jarraitzen du.

Bertsolariak bere bertsoan puntua errima berdinarekin errepikatzen duenean poto egin duela esan ohi da. Errotaundik, akats berdina errepikatu du denboraldian zehar jokatutako lau partiduetan, lau puntu eta lau errima berdin.
Minutu askoan kantxa gainean talde bakarra ikusten da: kontrarioa. Badirudi, “okinak” neurketa jokatzen segitu ahal izateko bakarrik irteten direla jolasera (eta ez jokora); baloiak galdu eta akatsak bata bestearen atzetik; automatak bailiran mugimenduak burutzen baina, jokoari inongo zentzurik eman gabe eta oraindik larriagoa dena, askotan saskira begiratzeko beldurrarekin. Badirudi baloiak jokalari batzuen eskuetan erre egiten duela eta behin eta berriz jokaldiak amaitzeaz ahaztu eta kide bat bilatzen hasten dira, askotan baloiak kontrarioaren eskuetan amaitzen duelarik. Eta horrela ez bada, barrura jo eta handik irtenbideak bilatu beharrean, hiruko marrako jaurtiketak eginez nahi izaten dira puntuak lortu, ACBko jaurtitzaileen bataz bestekoak izango balituzte bezala. Kanpotik barrutik baino errazago ikusten dira gauzak normalean, baina jokalariek autokritika egin eta “beldurretatik” aldenduz duten guztia eman ezean, kontrarioek pozez jarraituko dituzte hartzen Iraurgikoen kontrako lehiak.
Egia da Cafés Aitonaren aurkako neurketan gauza onak ikusi ahal izan genituela, batez ere lehen zatian. Pibotak erdiko kaletik amaitutako kontraeraso bat edota erreboterako borroka bezala. Baina hirugarren laurdenean taldea kantxatik “desagertu” egin zen eta azken minutuetan berriz ere erlojuz kontra ibiltzera behartu zituen ISBkoak. Presio ona egin eta hainbat baloi berreskuratu eta gero bi puntura gerturatzea ere lortu zuten, baina partiduz partidu gertatzen zaien bezala beranduegi heltzen da erreakzioa. Garaiz iristeko, etxetik denboraz irteteaz gain bidean gutxi entretenitu beharra dago. Bestela jai dago. Agian, ematen dutena baino gehiago eman dezaketela sinesten hasteko garaipen bat behar dute Errotaundikoek, baina hori lortzeko, orain arte partiduetan egin dutena baino gehiago egin beharko dute. Oso polita da besteak zoriontsu egitea, baina zu zeu zoriontsu izan ezean…
Saskiratzaileak: (11-17/14-10/15-8/19-18)
ERROTAUNDI ISB: Enaitz (3), Potxo (13), Zabarte, Larra (6) eta Imanol (14) –bosteko nagusia- Uria, Gartxia (3), Beobide, Jabi (5), Ttantto, Bilintx (3) eta Jokin (6).