Lehen garaipena etxetik kanpo

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen larunbatean, Construcciones Arana Araberriri 56 eta 75 irabazita.

Bigarren garaipena ligan eta bigarrena jarraian gainera Azkoitia Azpeitia ISBrentzat. Etxetik kanpo lehena izateak ere badu bere garrantzia, baina are garrantzitsuagoa da taldeak lehen bi jardunaldietan emandako itxuratik aldendu dela eta gutxika-gutxika jokalari hauek eman dezaketena ateratzen hasi direla. Gainera gauza bikain bat lortu zuten Araberriren bigarren taldearen aurkako neurketan: jokalari guztiek lortu zutela gutxienez puntu bat eta asko edo gutxi jokatu guztiek batu zutela taldearentzat.

Construcciones Arana Araberri partidurik irabazi gabe zegoen, baina etxean jokatu izanagatik eta kanpotik eguna edukitzen dutenean geldiezin bihurtu ahal direlako, neurketak arrisku itxura har zezakeen. Gainera kantxara lo irtenez gero, 9 eta 1eko partziala jaso dezakezu. Baina hutsarte batek ideiak argitzeko balio izan zien Alex Astigarragaren mutilei. Defentsan buru belarri lan egin behar zutela ulertu eta etxekoei ez zieten jaurtiketa errazik egiten utzi hortik aurrera. Erasoan berriz abiadura handiarekin hasi ziren irteten kontraerasoan eta modu horretara partiduari buelta ematea lortu zuten, laurden amaieran hiru puntuko aldea zutelarik. Hurrengo minutuek ere bide beretik jarraitu zuten, baina aldaketa batekin, kontraeraso bitartez erasoak amaitu beharrean, hiruko marratik hasi ziren jaurtiketak bilatzen. Badirudi jokalariak konfiantza berreskuratzen hasi direla eta min egin zuten 6’25eko marratik, zuten aldea handituz. Defentsako lanak ona izaten jarraitzen zuen eta 9 puntu bakarrik jaso zituzten 10 minutuetan,nahiz eta etxekoek erasoko erreboteetan min handiegia egin. Atsedenaldira 23-34.

Aldageletatik bueltan partidua guztiz erabakita uzten hasteko 6 eta 0ko partziala burutu zuten Azkoitia Azpeitia ISBkoek eta gerora, 17-18 puntuko abantaila kudeatzeari ekin zioten. Gainera, erreboteko arazoak gutxitzea lortu zuten eta hirugarren laurdenaren amaierarako balantza guztiz euren aldera jarri zuten. Azken minutuak ikusleen gozamenerako izan ziren. Entrenatzaileek ez dituzte gustuko izaten defentsarik gabeko saskiratze trukaketak, baina kasu honetan Iraurgikoak ez daude kexatzeko moduan 56 eta 75 irabazten amaitu baitzuten.

Hurrengo neurketa Fundación 5+11, Baskoniaren bigarren taldearen kontrakoa izango da. Iazko taldearekin zer ikusi gutxi du gasteiztarrak jokalari berri pila baitituzte, nahiz eta maila honetan edo goragokoetan urte asko eman dituzten jokalariak diren. Beraz, nahiko neurketa interesgarria izango dela aurreikusten da larunbatean Azpeitiko kiroldegian jokatuko dena.

Saskiratzaileak: (14-17/23-34/33-52/56-75)

AZKOITIA AZPEITIA ISB: X.Aldalur (4), Josu Urbizu (11), X. Oroz (5), Jakes (4), Jabi Amenabar (7), Irulegi (8), Azkue (23), Unai Amenabar (2), Luis (3), Beñat Aldalur (1), Mikel Arrieta (3), eta Beñat Altzibar (4).