Denboraldiko neurketarik onena, nahikoa ez

img
Argazkia: Iraurgi SB

Errotaundi ISBk garaipena lortu gabe jarraitzen du Alde Zaharra liderraren aurka 65 eta 71 galdu eta gero.

Batzuetan duzun dena emanda ere, gauzak ez dira zuk nahi duzun moduan amaitzen. Izan daiteke aurre egin behar diozunari indartsuegia delako, izan daiteke zoriak ez duelako zure alde jarri nahi, edo izan daiteke garaitzeko beldurra sartu eta ordura arte ondo egindako dena azken momentuan okertu egiten delako. Errotaundi ISBri azken hau gertatu zitzaiola dirudi Alde Zaharra lehen maila erregionaleko liderraren aurkako neurketan. Denboraldiko neurketarik borobilena jokatu eta gero, azken minutuetan galdu baitzuen lehen garaipena eman behar zion neurketa.
Potxoren azken orduko bajarekin, baina aurreko partiduetan egindako okerrak zuzendu nahiaz irten ziren kantxara “okinak”. Jakinda ordura arte erakutsitakoa baino joko gehiago dutela barruan, galtzeko gutxi eta irabazteko asko zutelakoan, liderraren aurka eta saskibaloi munduan mila gudutan garaile irten diren jokalariak kontrario izango baitzituzten, presio gabe irten ziren kantxara. Defentsan sendo, eta errebotea ondo zainduta, azkar jokatzeko aukera izan zuten. Gainera behin eta berriz, kanpotarrek egiten zuten “presioa” apurtzen zuten, baloia izkinetara zabalduz eta hortik barrura jokatuta, aukera onenaren bila behin eta berriz. Jaurtiketetan gainera sekulako bataz bestekoa lortu zen, jaurtiketak modu onean egiten baitziren gehienetan, eta sartzen ez zirenean ere, erasoko errebotean min egin zen.
Taldeko beteranoek gurditik tiratu zuten. Uriak, Enaitzek eta batez ere Larrak sekulako neurketa burutu zuten. Aipatzekoa da ere Olanok oso zentraturik jokatu zuela eta taldea bikain gidatu zuela. Egon ziren une txar batzuk, gehienetan botez abusatzeagatik, baina oro har aurrean zuten kontrarioa baino gehiago izan ziren eta 12-14 puntuko aldeak izatera heldu ziren baita. Aurrez aipatu dugu baina, Alde Zaharreko jokalariak txakur zaharrak direla eta gazteak urduri jartzen ahalegindu ziren neurketari buelta emateko azken aukera gisa. Baita lortu ere. Gutxika-gutxika aldea jaten hasi ziren eta markagailuan gerturatu ziren bezain pronto, etxekoei irabazteko beldurra sartu zitzaien. Beldurrak eskumuturrak uzkurtzen ditu eta lehen erraz sartzen ziren saskiratzeak huts egiten hasi ziren Errotaundikoak. Punturik ezean abantailari eustea zaila izaten da eta azkenerako donostiarrek neurketari buelta eman eta 6 puntugatik irabazten amaitu zuten: 65 eta 71.
Beste aste bat pasa eta beste porrot bat jaso dute Iraurgikoek. Garaipenik lortu gabe jarraitzen dute beraz, baina garaipeneko bidetik gertuago daudela esan daiteke. Hurrengo partiduetan, larunbatean lehen 30 minutuetan erakutsitako jokoa berriz aterata, garaipena ziur iritsiko dela.
Saskiratzaileak: (21-13/20-17/13-17/11-24)
ERROTAUNDI ISB: Enaitz (16), Uria (8), Olano (4), Zabarte (5) eta Larra (15) –bosteko nagusia- Beobide, Lur (2), Ttantto (9), Bilintx (2), Arrieta (2), Pedro (2) eta Imanol.