Azken horzkada erabakigarria

img
Argazkia: Animo Maite!

Ia partidu guztia markagailuan atzetik joan arren, Zurt Taberna ISBk 46 eta 48 irabazi zion Tabirako Baqué-ri Durangon.

Lautik lau daramatza Zurt Taberna ISBk. Lehen mailako talde bakarra da hori lortu duena eta beraz lidergoan jarraitzen dute Joseba Lizarraldek entrenatutako neskak. Lehen hiru neurketetan maila bikaina eman eta gero, Durangoko kantxa zailera bisita egitea egokitu zitzaien larunbatean. Lauzpabost neurketa zail jarraian izango dituztela jakinda horietako lehenean amaiera arte borrokatzeko asmoz irten ziren kantxara. Eta borrokaren horren saria ere eskuratu ahal izan zuten, garaipen handi batekin. Jokatutako lau partiduetatik erasoko joko kaxkarrenari defentsako lan onarekin aurre egin eta batez ere laugarren laurdenean egindako lanari esker lortu zuten garaipena.

Lehen minututik ikusi zen partidua oso parekaturik joango zela. Durangoko Tabirako taldea goiko postuetan egongo dela aurreikusten da eta etxean jokatzen zutela baliatu nahi izan zuten lehen diferentziak markatzeko. 6 puntu goitik jartzea lortu zuten bizkaitarrek, partidu guztian zehar izandako abantailarik handiena, baina Maite Lizarazuri esker lehen laurdenaren amaierara 2 puntu azpitik bakarrik iritsi ziren gipuzkoarrak. Bigarren laurdena saskiratze trukaketa ikusgarri bat bihurtu zen. Bi taldeen indarrak oso parekaturik zeuden eta ez batak eta ez besteak ere ezin zuen partidua puskatu atsedenaldira 25 eta 23 iritsi zirelarik.

Atsedenalditik bueltan etxekoek, lehen laurdenean egin antzera berriz ere diferentziak markatu nahi izan zituzten eta kanpoko jaurtiketak asmatuz berriz ere 6 puntuko aldea zabaldu zuten. Ez zuten etsi Zurtekoek eta zazpi eta hutseko partziala eginda aspaldiko partez aurretik jarri ziren markagailuan, baina erasoan egindako huts batzuek berriz ere etxekoei agintzera pasatzeko aukera eman zien. Gorabeheraz jositako jokoa izan zen nagusi bigarren zatian baina diferentziak ez ziren handiak izan eta horrek ISBkoen alde jo zuen. Defentsa oraindik eta gehiago sendotu (laurden guztian 6 puntu besterik ez zituzten sartu etxekoek) eta 45 segundoren faltan Intzak sartutako hiruko batekin aurretik jartzea lortu zuen Zurtek. Etxekoen urduritasuna defentsa onarekin nahastu eta garaipenak Gipuzkoa aldera etorri zen: 46 eta 48.

Garaipen polita eskaini ahal izan zioten taldekideek Maite Zubizarretari. Datorren astekoa ere eskaini nahi izango diote, nahiz eta garaipena lortzeko gogotik sufritu beharko duten, ligako talderik indartsuenetako bati aurre egin beharko baitiote, Loiola Indautxuri hain zuzen ere. Neurketa polita Azkoitiko kiroldegira gerturatu eta Zurtekoak animatzeko, lehen sailkatuak bigarrenaren aurka jokatuko baitu.

Saskiratzaileak: (11-9/14-14/15-12/6-12)

TABIRAKO BAQUÉ: Sarasola,Mendibe, N. Maurtua (9), Berganza, Moreno (4), Garitaonaindia, M. Maurtua (9), Fernandez (8), Baque (5), Urain, Aldekoa (11)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (10),Eider (1), Ana (7), Irati (5), Intza Lizarazu (6),Berezi, Maite Lizarazu (14), Itsaso (5)