Zonakako defentsaren aurka ataskaturik

img
Argazkia: Iraurgi SB

Kirol Aukera ISBk denboraldiko lehen porrota jasan zuen Añorgaren kontra 46 eta 54 galdu eta gero.

Lehen bi jardunaldietan garaipen errazak lortu eta gero, lehen proba gogorrari aurre egin behar izan zioten Kirol Aukera ISBkoek eta partiduko minutu askotan kontrarioa baino gutxiago ez zela erakutsi zuen arren, azkenerako lehen porrota jasota amaitu zuen. Neurketa gogorra izan zen oso; batetik Añorgako jokalari guztiak urte bat zaharragoak zirelako eta fisikoki asko igarri zutelako diferentzia hori; bestetik kontrarioak partidu guztia jokatu zuelako zonakako defentsarekin eta hori aspergarri bihurtzen da; eta azkenik gauzak ongi irteten ez direnean inpotentziari aurre egitea ez delako erraza.
Neurketa lodi antzean hasi zen. Defentsa itxia erabili zuten minutu guztietan kanpotarrek eta Kirol Aukerakoek kanpoko jaurtiketen bidez bilatu nahi izan zituzten irtenbide guztiak. Añorgakoek erasoan ere ez zuten gauza gehiegirik egin, nahiz eta bigarren eta hirugarren aukera asko izan zituzten, eta atsedenaldira eskubaloiko emaitzarekin iritsi ziren: 19 eta 16. Aurreko neurketetan geratuotakotik oso urrun zeuden Borja Bellosorenak, kikildu xamar eta saskira begira oldarkor jokatu ezinik.
Atsedena ondo etorri zitzaien ISBko jokalariei eta hirugarren laurdeneko lehen minutuetan ohiko joko alaia egiten hasi ziren. 8 eta 0ko partziala eginda partiduko errenta handiena lortu zuten eta bazirudien gutxika-gutxika neurketa bideratzen hasi zirela. Añorgakoen hutsarte batek baina, segituan itxi zuen zauria. Defentsan oraindik eta gehiago itxi ziren eta saskira bidea itxita baloiak lapurtzeari ekin zioten. Etxekoak urduritzen hasi ziren erasoan zailtasun gehiegi zituztela ikusita eta hau euren galera izan zen, Añorgakoak gora etorri baitziren, behin eta berriz saskiratze errazak lortuaz kontraerasoan. Hala ere, laurdena aurretik amaitzea lortu zuten Kirol Aukerakoek, baina gaitza zabaldua zegoen. Azken minutuak nahi eta ezina izan ziren ISBkoentzat. Gauzak ondo egiteko nahiak kontrako efektua sor arazi zuen eta baloiak behin eta berriz galduta, kontrarioak nola nagusitzen ikusi besterik ezin izan zuten egin etxekoek. Alde batean ikaragarri kostatzen zena, beste aldean oso errez lortzen zen eta azkenerako 46 eta 54 galtzen amaitu zuen Kirol Aukera ISBk.
Neurketa galdu izanak ez du baina taldearen lanean eraginik izan behar. Normala da oso, nagusiagoen aurka lehenengoz jokatzen denean kikilduta ibiltzea. Gehiago, aurreko bi partidua aise irabazi dituzunean. Jokalariek orain horri aurre egiten ikasi beharra daukate, ligan zehar aurreko larunbatekoak bezalako neurketa asko jokatu beharko baitute. Animo!