Batean kale eta bestean bale

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk Tabirakorekin 69 eta 60 galdu ostean 76 eta 48 irabazi zion La Peña taldeari.

Erregulartasuna falta zaio aurtengo denboraldi hasiera honetan Azkoitia Azpeitia ISBri. Bitan gaizki, bestean ondo; batean eraso egiteko zailtasunekin, bestean puntu pila lortzeko gai dela erakutsiz. Gora beherez jositako ibilbide honen erakusle garbiena dira jokatu dituzten azken bi partiduak.

Orain bi aste, ordura arte partidurik irabazi gabe zegoen Tabirakorekin 69 eta 60 galdu zuten, oso irudi kaxkarra eman eta gero. 18 minutuan bi taldeen arteko saskiratze trukaketa polita plazaratu eta gero, etxekoen 8 eta 0ko partzial batek Iraurgiko taldea lur jota utzi zuen, hortik eta amaiera arte burua ezin altxa ibili zirelarik gipuzkoarrak. Porrot guztiek ematen dute min, baina honek oraindik eta gehiago eman zuen, eman zen moduagatik eta azken sailkatuaren aurka, irabazi beharreko partidu baitzen.

Saskiratzaileak: X.Aldalur (12), Josu Urbizu (4), Jakes (8), Jabi Amenabar (2), Irulegi (9), Azkue (7), Unai Amenabar, Luis (15), Beñat Aldalur (3), Arrieta eta Beñat Altzibar.

Agian neurketa horrek eragindako minarekin irten zirelako edo baina guztiz bestela jokatu zuten La Peñaren aurka. Talde bilbotarra oso deserosoa da jokatzerako orduan, erritmo motelean jokatu ohi baitute eta 40 minutuetan zonakako defentsan aritzen baitira. Lehen zatian geldotasuna izan zen nagusi, defentsak erasoen gainetik ibili ziren eta jaurtiketetan ez zen gehiegirik asmatu. Honenbestez 29 eta 27 iritsi ziren atsedenaldira. Aldageletan garbi gelditu zen errebotearen jabe ginenez korrika irteteko aprobetxatu behar genuela, erritmo bizia jarri eta lehenbailehen neurketa erabakitzen saiatu. Joko alai horrekin hasi ziren markagailuan aldea zabaltzen pixkanaka-pixkanaka. Horrek konfiantza eman zien Iraurgiko jokalariei eta eraso luzeetan ere asmatzen hasi ziren euren urruneko jaurtiketekin, bizkaitarrek besoak jaitsi zituzten arte. Azkenerako emaitza biribila lortu zuen Azkoitia Azpeitia ISBk: 76 eta 48.

Saskiratzaileak: X.Aldalur (10), Josu Urbizu (6), Oroz (3), Jakes (6), Jabi Amenabar (11), Irulegi (9), Azkue (9), Unai Amenabar (6), Luis (7), Beñat Aldalur (3), Jokin (2) eta Beñat Altzibar (4).

Emaitza sendo honek konfiantza berreskuratzeko eta jarraian beste neurketa borobil bat egiteko balio behar die jokalariei. Erregulartasunaren bidearen bila Arrigorriagara joko dute asteburu honetan Azkoitia Azpeitia ISBkoek, denboraldiko laugarren garaipena lortzeko asmoz.