Lehen postuari eusteko modu hoberik ez

img
Argazkia: Sekulako giroa egon zen Azkoitiko kiroldegian

Zurt Taberna ISBk 56 eta 46 irabazi zion larunbatean Quiron Leioa bigarren sailkatuari.

Lidergoari eusteko, garaipenak batzen jarraitzea bezalako gauza hoberik ez dago, eta badirudi, Zurt taberna ISBko neskak ez direla irabazteaz aspertu. Zazpi partidu jokatu eta zazpietan garaipena lortu dute Joseba Lizarralderen neskek eta berdin du azken sailkatuaren aurka edota bigarrenaren aurka jokatu, irabazten amaitzen baitute ISBkoek.

Larunbatean, segururenik ligako aurkari sendoenaren aurkaren bisita jaso zuten Azkoitiko kiroldegian. Quiron Leioa bigarren sailkatuak ordura arte neurketa bakarra zeukan galduta eta etxekoen bolada ona apurtzeko gogo biziz heldu zen Zurt Tabernaren aurkako lehiara. Baina, arroka baten aurka egin zuten tupust. Etxekoek, lana gogotik egin beharko zutela jakinda, oso neurketa serioa burutu zuten eta bizkaitarren jokalari onenak ondo zaintzen jakin izan zuten.

Neurketa handia izango zela Azkoitiko kiroldegiko harmailetan sortu zen giroak erakutsi zuen. Animo eta txalo zaparrada itzelak jaso zituzten Iraurgikoek han batu zen jende multzo handitik. Baina lehia handietan, batzuetan gertatu ohi da urduritasunak janda jokalariek ez dutela euren onena ematen eta hasierako minutuetan hori gertatu zen talde batean eta bestean. Hala ere, etxekoek markagailuan aurretik mantentzen jakin izan zuten, aldea handiegia lortu ez bazuten ere. Bigarren laurdenean joko polita egiten hasi ziren Zurtekoak, baina jaurtiketa errazak huts egin zituzten eta horrek nolabaiteko moral gorakada eman zien kanpotarrei, markagailuari buelta ematera iritsi arte. Atsedenaldian pare parean zeuden bi taldeak eta nabari zen, oraindik asko ikusteke gelditzen zela bigarren zatian: 23-24.

Hirugarren laurdenean bizkaitar kutxua hartu zuen neurketak. Gutxika-gutxika partiduan nagusitzen hasi ziren Leioakoak eta alde handiegiak lortu ez arren, bazirudien sufritzen amaituko zutela gipuzkoarrek. Baina talde honek badauka borrokarako grina eta baloi guztiak bereganatzeko gosea. Ez zuten etsi eta 11 eta 2ko partziala eginda, partiduan eta ligan zeinek agintzeko asmoa zuen erakutsi zuten. Hortik aurrera, kontzentrazioa mantenduta eta akatsik egin gabe, markagailuko aldea zabaltzen hasi ziren, 12 puntuko aldea lortu arte. Bizkaitarrek ezin izan zuten ezer egin Zurt Taberna ISBkoen indarraren aurrean eta garaipenak etxean gelditzen amaitu zuen: 56 eta 46.

Datorren asteburuan Zizurrera joko dute Iraurgiko neskek. Nafarroakoa ere kantxa zaila da normalean, baina Zurtekoen bolada ikusita… batek jakin.

Saskiratzaileak: (15-11/8-13/15-10/18-12)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (3), Eider Iturralde (2), Galdos (2), Ana (13), Irati (4), Intza Lizarazu (5), Berezi (7), Maite Lizarazu (6), Itsaso (14) eta Ane

QUIRON LEIOA: Gonzalez, Lekerika (10), Zugaraga (2), Tena (6), Rodriguez (4), Sagarduy (4), Vega, Torres (12), Garcia (2), Azkue (6)