Azken jokaldian zazpigarrena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Movilquick Azpeitia ISBk 49 eta 52 irabazi zion larunbatean Tabirakori Durangon.

Movilquick Azpeitia ISBk ozta-ozta heldu ahal izan dio lidergoari, Tabirakoren aurkako neurketan asko sufrituta lortu zuelako garaipena. Barneko jokokoan zituen bajei aurre egin beharra ez zen erraza eta Durangoko kantxa beti izaten da zaila gainera, nahiz eta Tabirakok ez dituen garaipen gehiegi lortu denboraldiaren lehen zati honetan. Beraz, hasiera-hasieratik zekiten Iraurgikoek sufrituz aurrera atera beharreko neurketa izango zela larunbatekoa.
Hala ere, etxekoek askoz ere zentratuago ekin zioten lehiari. Gipuzkoarrek hutsegite asko egin zituzten saskira begira, nahiz eta batzuetan jaurtiketa errazak ere izan zituzten puntuak lortzeko. Hori ondo aprobetxatu zuten bizkaitarrek eta segituan 12 eta 3koa igoarazi zuten markagailura. Apurka-apurka kanpotarrak euren lana txukuntzen hasi ziren eta partiduan sartzea lortu zuten, nahiz eta lehen laurdena lau puntu azpitik amaitu. Joko geldoan arazoak izango zituztela ikusita partiduari erritmo bizia jartzen jakin izan zuten. Baloiak lapurtzen hasi ziren eta korrika egiteko aprobetxatu, baina hala ere, etxekoen jokalari garaiek min handia egin zuten, saskiratze errazak oztopatzerako orduan, eta baita ere erreboteak hartzerakoan. Oso nagusi ziren barruko jokoan durangarrak, baina atsedenaldira 24nako berdinketarekin iritsi ziren.
Partidua berdindua joango zela aurreikusi zitekeen baina kantxara lo irtenez gero, kontrarioak segituan eman zezakeen kolpe erabakigarria. Tabirakok Movilquicken lan txarra aprobetxatu zuen berriz ere hirugarren laurdenaren aurreneko minutuetan 10 puntuko aldea zabaltzeko. Aritz Aldalurrek hutsartea eskatu behar izan zuen eta gauzak argi utzi. Mezua jaso zuten neskek eta nahiz eta buruarekin baino gehiago bihotzarekin jokatu, berriz ere neurketa parekatzea lortu zuten. Hortik amaiera arte dena pare parean joan zen. Inork ez zuen abantailatxoa hartzea lortu. Batzuek barruko jokoan min egiten jarraitzen bazuten, besteek korrika eginez erantzuten zieten. Azken jokaldiak erabaki zuen neurketa. 49nako berdinketarekin markagailuan, hutsartea eskatu zuten Movilquickekoek 13 segundoren faltan. Prestatutako jokaldia irten eta Maite Galdosek hirukoa sartu zuen garaipena gaur egungo liderrarentzat gelditu zelarik: 49 eta 52.
Saskiratzaileak: (16-12/24-24/37-37/49-52)
MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Ugarte (2) , Galdos (13) , Uria (11) , Olarte eta Soraluze (2) – hasierako bostekoa – Aldalur, Loiola (7) , Dominguez (2) , Olaizola (2) , Olano eta Bereziartua (13).