Konfiantza berreskuratzeko garaipena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk 75 eta 86 irabazi zion igandean Padurari.

Bi galdu, bi irabazi, beste bi galdu eta aurreko astean irabazi eta gero, asteburu honetan berriz garaipena lortzea egokitzen zitzaien Azkoitia Azpeitia ISBkoei. Garaipen honek baina konfiantza berreskuratzeko balio beharko lieke Alex Astigarragarenei, izan ere, kantxa oso zail batean lortu zuten partidua aurrera ateratzea. Entrenatzailea pozik egoteko moduko neurketa burutu zuten gainera Iraurgikoek, hasierako hiru minutuak kenduta, lan oso serioa egin baitzuten eta jokalari guztiek eman zutelako euren ekarria, aurrean puntuak sartzen izan ez bazen, atzeko lanean.

Neurketa ez zen erraza, batetik kantxa hotz eta ezohiko ordutegi batean jokatzen zelako. Bestetik, aspaldiko ezagunak direlako talde bat eta bestea, hainbat partidu jokatu behar izan dituztelako elkar, eta bizkaitarrek beteranotasuna kalitatearekin uztartzen dutelako gainera. Hori dela eta, edo igande goizean jokatzera ohitzeke daudelako edo hotza zutelako benetan, baina 9 eta 0ko partziala jaso zuten partidua hasteko ISBkoek. Horrelako kolpeei buelta ematen jakitea ez da erraza eta atzetik ibili behar izate horrek askotan prezipitaziora eraman ohi du taldea, baina Iraurgikoek neurketari heltzen ondo jakin izan zuten. Gutxika-gutxika partiduan sartu ziren eta lana serio eginda eta defentsan ondo estututa atsedenaldirako agintzen zebiltzan. Errebotea ondo zaindu ahal izan zuten, nahiz eta Padurakoen ezaugarrietako bat erasoko errebotean duten abilezia den. Hala ere, kontraerasoan irteteko aukera gutxi izan zituzten kanpotarrek eta momentu gehienetan etxekoek nahi izaten duten joko geldoan jokatu zuten.

Bigarren eta laugarren laurdenetan ordea, trantsizio azkarrak egiteko kapaz izan ziren Azkoitia Azpeitia ISBkoak eta gainera azken laurdenean, errotazio luzeagoa edukitzeak asko lagundu zien gipuzkoarrei. Euren abantaila baliatzen jakin izan zuten Iraurgikoek eta azkenerako partzial erabakigarria eginda 75 eta 86 irabaztea lortu zuten. Bigarren garaipena jarraian lortu eta gero, hirugarrenaren bila joko dute larunbatean, etxean, Avia Zizur Ardoiren aurka.

Saskiratzaileak: (18-16/21-28/16-11/20-31)

AZKOITIA AZPEITIA ISB: Xabier (5), Urbizu (6), Oroz (21), Jakes (25), Javi (13), Irulegi (3), Azkue (8), Luis (3), Beñat Aldalur (2), Mikel Arrieta, Beñat Altzibar