Sailkapeneko aurreko postuetan kokatzeko garaipena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk 59 eta 62 irabazi zuen Universidad Deusto Loiola Indautxuren kantxan.

Denboraldi hasiera arraro xamar bat egin eta gero, badirudi martxa egokia hartu duela Azkoitia Azpeitia ISBk. Azken lau partiduak jarraian irabazi ditu, azkena Universidad Deusto Loiola Indautxuren kantxan eta garaipen honek gainera sailkapeneko hirugarren postura igo ditu Iraurgikoak. Aste honetatik hasita, neurketa batzuek jarraian izango zituzten ISBkoek sailkapenean non kokatuta amaituko zuten jakiteko. Lehena behintzat garaipenarekin amaitu dute, izan ere serio jokatzen dutenean, zail izaten da garaipenak euren eskuetatik ihes egitea.

Taldeak baja batzuk izan arren (Azkue eta Unai Amenabar) hasieratik barneratu zuen garaipenaren bidea defentsa sendo batean egongo zela. Puntuak sartzeko zailtasun handiak izan zituzten etxekoek eta gainera gipuzkoarrek errebotea bikain zainduta neurketan sartuta egon ziren denbora osoan. Hala ere, erasoan ez ziren finegi ibili Alex Astigarragarenak, presak jota akats askotxo egin zituzten, nahiz eta hiruko marra arte ailegatzeko ez zituzten arazorik izan. Hori horrela etxekoak 6 puntu goitik iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian arazoak agertzen hasi ziren lesio modura. Irulegik eta Jabi Amenabarrek min hartu zuten eta ezin izan zuten neurketa amaitu. Hala ere, sano amaitu zutenek sekulako lana egin zuten defentsa lanean. Etxekoen aldea txikitzen joateaz gain, azkenerako buelta eman zioten eta Orozen eskutik garaipena etxera ekarriz zuten 59 eta 62ko emaitzarekin. Taldeak talde moduan jokatzen duenean eta jokalariek rolak ondo barneratzen dituztenean talde hau oso arriskutsu eta kontrarioentzako deseroso bihurtzen da eta garaipenak batzen jarraitzeko aukera bide horretatik segituta iritsiko da. Hurrengo asteburuan Ordizian jokatuko dute, larunbat arratsaldean, izan ere, Santo Tomas egunean jokatu beharrekoa aurreratuko dute. Beste froga zail bat izango da, Xabi Aldalurrek egon ezin izango duena, belaunean luzerako lesioa izan baitu. Taldeak animo guztiak bidali nahi dizkio eta seguruenik garaipena ere eskaini nahi izango dio.

Saskiratzaileak: X.Aldalur (3), Josu Urbizu (8), Xabi Oroz (21), Jakes (11), Jabi Amenabar, Irulegi (2), Luis (5), Beñat Aldalur (4), Etxa (6), Mikel Arrieta eta Beñat Altzibar (2).