Bajak baja, garaipen erraza

img
Argazkia: Iraurgi SB

Movilquick Azpeitia ISBk tinko jarraitzen du ligan, Araba Ari 53 eta 86 irabazita denboraldiko hamaikagarren garaipena lortuta.

Seigarren garaipena erreskadan lortu zuen Movilquick Azpeitia ISBk Araba A taldeari uste baino errazago irabazi eta gero. Iraurgiko neskei ez die gehiegi eragin Gabonetako geldiuneak eta baja askotxorekin joan behar izan baziren ere Gasteizera jokatzera neurketa serioa eginez liderrarekin berdinduta jarraitzeko aukera izango dute.
Hasieratik ekin zion gogor Movilquickek. Erritmo bizia ezarri zuten hasieratik Aritz Aldalurren neskek eta etxekoek ezin izan zituzten gelditu. Gainera hainbat saskiratze errez ere lortzeko kapaz izan ziren gipuzkoarrak eta markagailuan alde egin zuten. Bigarren laurdenean helburu argi bat eduki zuten arabarrek, kanpotarren kontraerasoak nolabait gelditzea. Lortu zuten, baina Movilquicken nagusitasunak bere horretan jarraitu zuen eta atsedenaldirako neurketa ia erabakita zeukaten Iraurgikoek: 27 eta 45.
Ordura arte lortuta zeukaten aldearekin konforme ez eta aldageletatik bueltan lanean sendo jarraitu zuten. Berriz ere erritmo bizia ezarri zioten neurketari eta behin eta berriz korrika irten ziren erasora. Modu honetara saskiratze errazak lortu zituzten berriz ere eta azken laurdena bihurtu zen saskiratze trukaketara egundoko abantailarekin heldu ziren. Azkenean 53 eta 86 amaitu zen neurketa eta datorren astean Easoren (Movilquickekin garaipenetara berdinduta dagoen liderra) aurkako neurketara sasoi betean iritsiko dira Aritz Aldalurrenak.
Saskiratzaileak: (13-27/27-45/36-70/53-86)
MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Loiola (12) , Ugarte (6) , Besga (10) , Iturralde (6) eta Bereziartua (16) – hasierako bostekoa – Aldalur (2) , Galdos (6) , Lizarazu (14) , Goenaga (12) eta Olano (2).