Goi aldean mantentzeko garaipena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Sei baja eduki arren, urte amaierako bolada txarrari agur esan zion Azkoitia Azpeitia ISBk, Leihoak Zarautzi 69 eta 64 irabazita.

Urtea ez zuen nahi bezala amaitu lehen mailan Azkoitia Azpeitia ISBk, jokatutako azken bi neurketetan porrota jasan eta gero taularen goiko postuetatik erdikoetara erori baitziren. Lesioekin arazo askotxo izan dituzte denboraldian zehar eta Alex Astigarragak arazo franko izan ditu bere jokalariei zuku guztia ateratzeko. Urte berriarekin hau ez da aldatu, guztira sei baja baititu taldeak, baina behintzat garaipena lortu dute Iraurgikoek eta berriz ere goiko postuetara igotzeko balie die lehen itzulia amaitzeko partidu bakarraren faltan. Garaipena gainera Leihoak Zarautzen aurka izan zen, postu horietan mantentzeko aurkari zuzen baten aurka.

Eta garaipen honen gakoetako bat neurketak izan zuen hasieran egon zen. Defentsan sendo irten ziren kantxara etxekoak eta baloiak ondo berreskuratuta behin eta berriz kontraerasora irten ziren. Modu honetara 19 eta 4ko partziala egitea lortu zuten eta nahiz eta gerora neurketa parekatzen joan zen, lehen ziztada benetan gogorra eman zuen Azpeitia Azkoitia ISBk. Izan ere, korrontearen kontra borrokatzera behartu zituzten zarauztarrak. Egia da kanpokoak partiduan sartzen hastearekin bat, etxekoei igarri egin zitzaiela egun askotan geldik egon izana eta saskiratzeak lortzeko zailtasunak hasi ziren Iraurgikoentzat. Hala ere, hasierako minutuei esker, atsedenaldira 39 eta 31 joan ziren aurretik.

Aldageletatik bueltan iritsi ziren etxekoen minuturik txarrenak. Kontzentrazio eta tentsio gabe, krisi momentu handiegia bizi izan zuten. Erasoan asmatzeko zailtasunekin, baloiak galdu eta kontraerasoak jasotzen hasi ziren. Nekeak ere bere eragina izan zuen eta gutxika-gutxika kanpotarrak markagailuan nola gerturatzen ikusi zuten. Erasoan zailtasunak daudenean, defendatzea bezalakorik ez dago markagailuan daukazun aldeari eusteko eta horrek ahalbidetu zuen zarauztarrek ere gehiegi ez asmatzea puntuak lortu ahal izateko. Gainera jaurtiketa libreetan asmatu zuten eta azkenerako 69 eta 64 irabazten amaitu zuten.

Datorren asteburuan Iruñera joko dute Iraurgikoek Valle de Egues talde nafarraren aurka jokatzera. Garaipenak lehen sailkatuen osteko bigarren multzo horretan mantentzeko aukera emango lioke Azkoitia Azpeitia ISBri.

Saskiratzaileak: (24-12/39-31/58-54/69-64)

AZKOITIA AZPEITIA ISB: Enaitz (1), Urbizu (16), Oroz (21), Jakes(14), Jabi Amenabar (5), Amets, Lur, Unai Amenabar (6), Luis (4), Jokin, Mikel Arrieta (2)