Banco Mediolanum-ek Zurt Taberna ISBren okerrak ordaindu zituen

img
Argazkia: Iraurgi SB

Zurt Taberna ISBk, Banco Mediolanum-i 85 eta 38 irabazita eta 12 garaipenekin amaitu du lehenengo itzulia.

Aurreko astean lehen porrota jaso eta gero, garrantzitsua zen Zurt Taberna ISBrentzat berriz ere garaipenaren bidera bueltatzea, aurreko astekoa bidean harri koxkortzat bakarrik hartu ahal izateko. Horretarako aurkaririk onena egokitu zitzaion agian, Azpeitiko kiroldegira ligako azken sailkatua iritsi baitzen. Egia esan, horrek arriskua ere izan dezake, kasualitatez galdu ezkero, kolpea handiagoa izango baitzen, baina Joseba Lizarralderen neskek bigarren zatian batik bat euren nagusitasuna erakutsi zuten eta esan daiteke, Banco Mediolanumek Zurten aurreko asteko porrota ordaintzen amaitu zuela.

Lehen laurdena ez zen bat ere ona izan etxekoen partetik. San Sebastian festak gainean izateak dakarren antsietateak jota, edo aurreko astekoa oraindik gogoan edukitzeagatik, baina denboraldian zehar erakutsitako jokotik nahiko urrun ibili ziren. Erasoan asmatu ezinik eta defentsako lanean ere ondoegi ez. Laurden erdian sei puntu behetik ere egon ziren, baina zortzi eta hutseko partzial batek markagailuan aurretik jarri eta hortik aurrera beti mantendu ziren horrela. Hau horrela izanda ere, jokoak ez zuen asko hobetu Zurtekoen partetik, kanpotik puntuak bilatu zituzten bakoitzean huts egin baitzuten. Bigarren laurden amaiera aldera hasi ziren gauzak pixka bat hobetzen eta horri esker atsedenaldira bederatzi puntuko abantailarekin joan ziren: 32-23.

Lehenengo bi laurdenek antzeko jokoa erakutsi baldin bazuten, hurrengo biek ere horrela egin zuten, baina talde bakarra agertu zelako kantxa gainean. Etxekoek buru jan eta beldur guztiak gainetik kendu zituzten aldageletan eta euren jokoa eginez aurkaria jatera irten ziren. Defentsa sendotuta, bizkaitarren puntu jarioa agortzea lortu zuten (bigarren zati osoan 15 puntu besterik ez). Horrek konfiantza eman zien erasoko jokoari begira eta lehen asmatzen ez zuten guztia sartzen hasi ziren. Markagailuan alde egin eta abantaila ahalik eta gehien handitzeko helburuarekin lanean jarraitu zuten epaileek azken txistua eman zuten arte. 28 puntu hirugarren laurdenean eta 25 laugarrenean, azkenean 85 eta 38 irabazten amaitzeko. Baten batek dudaren baldin bazuen, Zurt Taberna ISBk berriz ere kolpea jo du mahai gainean.

Ziurtasun hori datorren asteburuan ere atera nahiko dute Iraurgiko neskek, Atco. San Sebastianen kantxan. Bigarren itzuliaren hasiera izango da neurketa hori eta donostiarrak bolada onena direnez (8 neurketa irabazi dituzte erreskadan) ez da neurketa bat ere erosoa izango.

Saskiratzaileak: (14-12/18-11/28-6/25-9)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (21), Eider Iturralde (13),Galdos, Irati (12), Intza Lizarazu (14), Maite Lizarazu (8), Maitane (3), Itsaso (14), Ane Goenaga eta Aitziber

BANCO MEDIOLANUM: Rodriguez (3), Muruaga, Blanco (12), Sanchez (5), Landa (6), Alonso, Lopez, Beldarrain (2), Rastroyo (6), Morente (4), Alonso.