Sufritzen baina garaipena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk bosgarren postuan amaitu du lehen itzulia Valle de Eguesen aurka 46 eta 52 irabazita zortzigarren garaipena lortu eta gero.

Datorren asteburuan ligak atseden hartzear behartzen duenez, Azkoitia Azpeitia ISBk pasa den larunbatean eman zion amaiera lehen itzuliari. Orokorrean itzuli nahiko irregularra izan dela esan daiteke. Egia da lesioekin arazo handiak izan dituela Alex Astigarrargaren taldeak denboraldia hasi zenetik eta horrek ez diola utzi bere jokorik onena ateratzen. Hala ere, Errotaundiko jokalariek eta Glualekoek emaniko laguntzarekin aurrera jo ahal izan dute, neurketa oso onak jokatuz, baina baita kaxkarrekin tartekatuz. 8 garaipenekin eta 6 porrotekin bosgarren postuan amaituko dute itzuli hau eta azken neurketa irabazita gainera.

Valle de Egues talde nafarraren aurkako neurketa nahiko trabatua izan zen. Defentsak erasoen gainetik ibili ziren partidu osoan zehar, gainera erritmo baxuan jokatu zen eta puntu gutxi ikusi ahal izan zituzten bertaratutakoek. Ia neurketa osoan partiduan aurretik ibili ziren Azkoitia Azpeitia ISBkoak, 8-10 puntuko aldeekin, errebotean ondo lan eginda eta defentsa bikaina erakutsita, baina etxekoak bizirik mantendu ziren une oro, gipuzkoarrek galdutako baloi kopuruak ez zielako laga neurketa erabakita uzten. Fisikoki nahiko justu iritsi ziren Alex Astigarragarenak azken minutuetara eta horren eraginez partidua galtzeko puntuan egon ziren. Izan ere, minutu baten faltan 8 eta 0ko partziala egin zuten etxekoek, neurketa berdinduz. Gainera bi jaurtiketa libre ere izan zituzten nafarrek markagailuan lehenengo aldiz aurretik jartzeko, baina ez zuten asmatu eta hurrengo bi jokaldietan bikain asmatu zuten Iraurgoikoek. Lehenengo erasoan, Jabi Amenabarrek hirukoa sartuta eta gero defentsan, baloia berreskuratuta. Eguesekoen azken ahaleginak zapuztu zituzten beraz gipuzkoarrek, eta azken jaurtiketa libreak asmatuta 46 eta 52 irabazten amaitu zuten.

Orain bi aste dituzte Azkoitia Azpeitia ISBkoek jokalariak errekuperatzen hasteko eta bigarren itzulia ahalik eta hobekien prestatzeko eta erregulartasunaren bidea aurkitzeko. Lehen neurketa, Donostian izango dute, otsailaren 1ean, Atco. San Sebastianen kantxan. Errebantxa kutxua izan dezakeen neurketa, donostiarrek Azpeitian irabazi egin baitzuten.