Bigarren itzulia hasteko garaipen bikaina

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk 52 eta 70 irabazi zuen Atco. San Sebastianen kantxan eta bederatzigarren garaipena batu zuen.

Lehen itzulian nahi besteko erregulartasuna ezin bilatuta egon eta gero, eta astebeteko atseden baten ondoren, bigarren itzuliaren hasiera nolakoa izango zen Azkoitia Azpeitia ISBrentzat ikusteke zegoen. Donostiako Aiete kiroldegian jokatu behar zuten Alex Astigarragaren mutilek, denboraldiko lehen neurketan Azpeititik garaipena eraman zuen Atco. San Sebastianen aurka. Baina Iraurgiko mutilek ederki erantzun zuten, neurketa borobila burutu zuten lehen minutuetatik eta garaipen ederrarekin bueltatu ziren.

Aurreneko laurdenean erasoan erakustaldia eman zuten ISBkoek. Momentu oro aukerarik onena bilatu arte baloia bikain mugituta, jaurtiketetan ere asmatuz eta errebotea ere ondo landuta, erraz jokatzen ibili ziren. Defentsan ere sendotasuna erakutsi zuten eta baloi ugari lapurtu zituzten, honek gerora erasoan errazago jokatzeko aukera eman zielarik. Modu honetara, alde egin zuten markagailuan eta etxekoen erreakzioaren zain, abantaila polita lortu zuten. Bigarren laurdena ez zen erasoan horren ikusgarria izan, baina atzean egindako lana bikaina izan zen oso. Sei puntu bakarrik jaso zituzten laurden osoan eta atsedenaldirako 18 eta 35 ziren aurretik Azkoitia Azpeitia ISBkoak.

Atsedenalditik bueltako minutuetan sufritu egin ohi du Alex Astigarragaren taldeak, eta gainera abantaila handi xamarra edukitzen duzunean, askotan, nolabaiteko erlaxazioa ere edukitzen da, baina honako honetan etxekoen bultzadari eusten jakin izan zioten kanpotarrek. Azken minutuetan, gainera eraso luzeak egiteari ekin zioten eta neurketaren erritmoa motelduta garaipena bideratzen jakin izan zuten. Azkenerako gainera momentu honetan behintzat aurkari zuzena den Atco. San Sebastiani basketaberagea irabaztea lortu zuten eta horrelako liga parekatu batean horrek egundoko garrantzia izan dezake. Bukaeran: 52 eta 70.

Datorren asteburuan Goierri izango da bisitari Azpeitiko kiroldegian. Azken sailkatua baldin bada ere, lehen itzulian Azkoitia Azpeitia ISB garaitzeko kapaz izan zen. Beraz, kontu handiz ibiltzeko neurketa izango da.

AZKOITIA AZPEITIA ISB: Gurru, Urbizu (7), Oroz (19), Jakes(11), Jabi Amenabar (12), Amets, Azkue, Unai Amenabar, Luis (5), Arrieta (3), Altzibar (2), Beñat (11)