Partidua kontrolpean eduki eta luzapenean galdu

img
Argazkia: Iraurgi SB

Kirol Aukera ISBk ezin irabazi jarraitzen du bigarren fase honetan Arrasaten 58 eta 52 galdu eta gero.

Lehen taldeari gertatu antzera, Kirol Aukera ISBk luzapenean galdu zuen jokatutako azken neurketa, partidu guztia kontrolpean eduki eta bozina joka zutela Arrasateko Mondragon Unibertsitatekoek lortutako saskiratze baten ondoren luzapenera indar gabe gelditu eta gero.
Lehen jardunaldian porrot mingarria jaso eta gero Borja Bellosoren jokalariak Arrasatera joan ziren neurketa horretan gertatutakoa istripua besterik ez zela izan erakustera. Eta minutu askotan erakutsi ahal izan zuten. Lehen laurdenean, ondo defendituz eta erasoan baloia bikain mugituz aukerarik onena topatu arte, etxekoak baino gehiago izan zitezkeela sinesten hasi ziren. Arrasateko taldea jokalari garaiez eta sendoz osatuta dago eta fisikoki lan aparta egin beharrean aurkitu ziren Iraurgikoak. Hala ere, markagailuan aurre hartu zutenetik, neurketan agintzen jardun zuten denbora guztian. Egia da halaber, alde handiegirik ez zutela izan, bost-sei puntukoa normalean, eta horrek bizi-bizirik mantendu zuela etxeko taldea.
Atsedenalditik bueltako minutuak izan ziren ISBkoen partetik onenak. Defentsa ezberdinak burutuz, etxekoen erasoa zoratzeko kapaz izan ziren. Etxekoek, ikusita puntuak sartzeko arazoak zituztela, defentsa tenkatu nahi izan zuten, presioa ezarriz kantxa guztian, baina Kirol Aukerakoek bikain jakin izan zuten defentsa hori apurtzen eta laurden amaierarako 11 puntu goitik ziren. Bazirudien, merezitako garaipen bat bideratzen hasita zutela, baina nekea eragina egiten hasi zen eta faltekin ere arazoak izaten hasi ziren. Mondragon Unibertsitatekoek 8 eta 1eko partziala egin eta berriz neurketa parekatzea lortu zuten bi minuturen faltan. Azken txistua jo arte batzuen eta besteen arteko talkak ikusi ziren, baten saskiratzeari besteak erantzunez eta neurketa amaitzear zela, kanpotarrak bigatik irabazten zebiltzala, Arrasatekoek partidua luzapenera eramatea lortu zuten azken segundoan saskiratze bat eginez.
Kolpea handiegia izan zen Iraurgikoentzat eta ezin buelta eman gelditu ziren. Etxeko taldea oso nagusi izan zen minutu horietan eta nahikoa erraz lortu zuen garaipena: 58 eta 52. Lanean jarraitu besterik ez dago.