Bigarren faseko lehen garaipena

img
Argazkia: Kirol Aukera ISB

Kirol Aukera ISBk Soraluce Beragara taldearen aurka 32 eta 26 irabazi zuen pasa den larunbatean.

Aurreko bi neurketak galdu eta gero, Kirol Aukera ISBk Arrasaten emandako itxura ona errepikatu nahi zuen Soraluce Bergararen kontra, etxean, bigarren fase honetako lehen garaipena lortu ahal izateko eta emandako itxura onena izan ez baldin bazen ere, iritsi zen desiratutako lehen garaipen hori. Ez dira aste errazak izaten ari Borja Belloso eta bera taldearentzat. Gaixotasunak direla, lesioak direla… entrenamenduak txukun burutzeko zailtasunak izan dituzte eta hau horrela gertatzen denean, gero partiduetan maila onena ematea ere zail bihurtzen da. Ierai Azpitarte Txikerra taldeko jokalariaren laguntza izan zuten beste behin larunbatean, izan ere, Asier Larrañaga eta Aitor Arrieta luzarorako min hartuta egongo dira.
Garaipen beharrak bultzatuta edo, denbora gutxian gauza gehiegi erakusteko gogoz irten ziren kantxara Kirol Aukera ISBko jokalariak. Antsietateak jota eta urduritasunak janda, normalean gehiegi erakutsi nahi izateak kontrako efektua sortzen du eta horrelako zerbait gertatu zitzaien Iraurgikoei. Bergarakoen jokalari garai eta indartsuak kalitatez gainditu eta gero, jaurtiketak egiterako orduan oso gaizki ibili ziren eta bataz besteko oso pobreak izan zituzten, baina jaurtiketa errezetan eta jaurtiketa libreetan ere. Hori horrela, berez talde kaxkarragoa den Soraluce Bergarari bizi-bizirik mantentzeko aukera eman zieten etxekoek. Atsedenaldirako emaitzak argi uzten du, zer nolako neurketa eskasa ikusi zuten Azpeitiko kiroldegira bertaratutakoek: 16 eta 9.
Gauzak pixka bat hobeago eginez markagailuan alde egiteko aukera zutenaren sentsazioarekin iritsi ziren aldageletara Kirol Aukerakoak. Jaurtiketa bataz bestekoa zertxobait hobetzea baino ez zuten behar neurketa guztiz puskatzeko, baina hirugarren laurdenean ere uztaia txikiegi bihurtu zitzaien etxekoei. Hamar minututan 2 puntu besterik ez zituzten lortu eta defentsan gauzak nahiko txukun egin zituztelako bakarrik mantendu ahal izan ziren markagailuan aurretik. Hori bai, neurketa oso parekaturik zela iritsi ziren azken minutuetara. Egindako akatsak ahaztu, aurrera begira jarri eta mahai gainean kolpea jotzeko ordua iritsi zen. Baita egin ere. Ordura arte sartu ezin izan zituztenak saski barruan jartzen hasi ziren etxekoak eta bi minuturen faltan neurketako alde nagusiena lortu zuten: 11 puntu. Batzuen eta besteen puntu jarioa ikusita erabakigarria izango zela zirudien, baina azkenerako uste baino zailago egin zitzaien partidua ixtea eta 32 eta 26ko emaitzarekin amaitu zen neurketa.
Asteburu honetan liderraren aurka jokatuko dute Borja Bellosoren mutilek. Añorgaren kontrako neurketa izango dute Donostiako Benta Berri kiroldegian. Gauzak txukun eginez gero eta saskira begira punteria pixka bat hobetuta, kontrarioei gauzak zail jartzeko moduan izango dira Kirol Aukera ISBkoak.