Porrot mingarria

img
Argazkia: Iraurgi SB

Zurt Taberna ISBk 62 eta 60 galdu zuen Bilbon Universidad Deusto Loiola Indautxuren aurka gorabeherez jositako neurketa batean.

Bolada onek amaiera izaten duten moduan, bolada txarrek luze iraun dezakete, batez ere, taldearen identitatea galtzen baldin bada. Aurtengo Zurt Taberna ISB zerbaitetan nabarmendu bada, jokoan izan duen oldarkortasunean izan da, baloi bat galdu gabe eman dute une oro eta kontzentrazio maila gorena erakutsita, borrokan jarraituz, neurketa gehienetan garaipena lortu dute. Agian, hiru neurketa jarraian galdu izanak sortu ahal izan duen nolabaiteko tristeziagatik edo, baina orain arte erakutsitako nortasuna galduta joan ziren ISBko neskak Bilbo aldera jokatzera.

Loiola Indautxuren aurkako neurketa irabazita lidergoan mantentzeko aukera zuten gipuzkoarrek, baina inolako oldarkortasunik gabe, kontzentrazioa ere aldagelan utzita eta hotz, oso hotz irten ziren kantxara. 12 eta 3ko partziala jaso zuten di-da batean eta horrek erreakziora behartu zituen. Egia esan, defentsa pixka bat sendotzen zutenean eta erasoan ere buru pixka batekin kontrolpean eduki zuten neurketa. Neurketari buelta emateko kapaz izan ziren Joseba Lizarralderen neskak eta laurden amaierara hiru puntu goitik iritsi ziren. Hurrengo minutuetan ere neurketaren jabe izan ziren Zurtekoak, zortzi puntu goitik jarri arte. Bazirudien lehen minutuak ahaztuta, betiko taldea ikusten hasiko ginela zirudien. Baina on-off botoiak itzaltze aldera jo zuen eta laugarren minuturako laurdena amitutzat emanda hasierako minutuetako jarrerara bueltatu ziren Iraurgikoak. Erraztasun galantak eman zizkieten bizkaitarrei, falta pertsonalak ere egiten ahaztu egin ziren eta oldarkortasunik gabe, 15 eta 0ko partziala jaso zuten. Atsedenaldira Loiola Indautxukoak 34 eta 27 iritsi ziren aurretik.

Aldageletan ondo hausnartu zuten gertatutako Joseba Lizarralderekin Zurt Taberna ISBkoek eta bestelako jarrera erakutsi zuten hirugarren laurdenean. Kontrarioa jateko intentzioarekin neurketa berdintzea lortu zuten 7 eta 0ko partzialarekin eta hortik aurrera partiduak markatu zuen parekotasunean ondo moldatu ziren. Azken laurdena ere bikain hasi zuten. Serio jokatuz eta baloia ondo mugituz, etxekoek ezarri zuten zonakako defentsaren aurka. Zortzi puntuko abantaila lortu zuten beste behin eta bazirudien susto guztiak pasata garaipena ondo bideratuta zutela Zurteko neskek. Harri berdinean erortzen den animalia bakarra gizaki omen da baina, eta bigarren laurdenean gertatu moduan, erabaki txarrak bata bestearen atzetik hartzen hasi ziren erasoan eta defentsako lanean ere nahi baino huts gehiago egin zituzten. Etxekoek bikain aprobetxatu zuten egoera eta bost minutuan 15 eta 5eko partziala eginda 62 eta 60 irabazten amaitu zuten.

Porrot mingarri honi buelta eman beharrean agertzen dira orain Zurt Taberna ISBko neskak eta horretarako aukera izango dute datorren larunbatean, 16:00etan, Azpeitiko kiroldegian, Zilarrezko LEB taldearen aurretik, Erroibideren aurka. Ia kiroldegira animoak ematera jendea gerturatzen den, neskek behar dituzte eta bolada txarretik irten ahal izateko.

Saskiratzaileak: (19-22/15-5/10-18/18-15)

UNIV. DEUSTO LOIOLA INDAUTXU: Fernandez (4), Gonzalez (8), N. Aurre (4), Garcia (2), Iturbe, Rodriguez (18), J.Aurre (4), Larrinaga (11), N.Aurre (11), Alcivar

ZURT TABERNA ISB : Garazi (6), Eider Iturralde (3), Ana (10), Irati, Maite Zubizarreta (2), Intza Lizarazu (26), Berezi (4), Maitane (4), Itsaso (5)