Jipoia ahazteko garaipena onena

img
Argazkia: Iraurgi SB

Aurreko astean Arrasaten erraz galdu eta gero, Azkoitia Azpeitia ISBk 73 eta 59 irabazteko kapaz izan zen Construcciones Arana Araberriren aurka.

Bi porrot jarraian jaso eta gero, azkena Arrasaten handi xamarra gainera, eta taldeak lesioekin eta gaixotasunekin izandako arazoak kontutan hartuta, ez da erraza izaten bolada txarrei amaiera eman ahal izatea. Baina Azkoitia Azpeitia ISBk lortu du eta ez nolanahi. Egia da Construcciones Arana Araberri taldea azken sailkatua dela eta azken zazpi partiduak galduta iritsi zirela neurketara, baina egia da baita, oso talde dinamikoa dela, garaiera handirik eduki gabe, abiadura biziz jokatzera ohituta dagoena, eta horrelako taldeen aurka partiduko erritmoa bereganatzea ez da erraza izaten.

Lehen minutuetan hiruko marratik sarraskia egin zuten etxekoek. Modu honetara arabarren posesio motz eta joko azkarra ezerezean utzi eta 10 puntuko aldea zabaldu ahal izan zuten. Baina aldeak ez zuen gora egin. Etxekoek ezin izan zuten neurketa guztiz apurtu eta hori gertatzen denean, askotan sufritzen amaitzen da. Honako honetan ez zen horrela gertatu, nahiz eta gipuzkoarrek euren joko erritmoa jaisten zuten bakoitzean 5-7 puntura gerturatzeko aukera ematen zieten arabarrei. Hala ere, eta defentsako akatsak akats, errebotean Alex Astigarragaren mutilek egindako lan onak lagundu zien beti alde nahikoa mantendu ahal izaten.

Atsedenaldiak ez zuen gauza gehiegirik aldatu jokoan. Azkoitia Azpeitia ISBkoek markagailuan agintzen jarraitu zuten, hiruko marratik oso fin ibili zirelako batik bat. Baina, alde nahikoa hartzen zutenean berriz ere jokoan erlaxazioa etortzen zen, eta kanpokoek abantaila murrizteko aukerak edukitzen zituzten. Egia da halaber, etxekoek beti izan zutela abantaila nahikoa markagailuan, lasai antzean ibili ahal izateko, Araberriren saskiratzaile nagusia den Dani Lorenzo ondo lotu zutela, eta azkenean garaipen polit batekin amaitu zuten neurketa: 73 eta 59.

Garaipenak ematen duen poztasunaz gain, Alex Astigarragak eduki zuen beste notizi baikor bat. Badirudi gutxika-gutxika jokalariak berreskuratzen hasi dela, aurreko batean Xabi Aldalur jokatzen hasi bazen, oraingoan Mikel Azkue baita kantxetara bueltatu dena. Datorren asteko neurketarako pieza garrantzitsua izan daiteke gainera, nahiz eta 100%ean ez egon. Fundación 5+11 taldearen aurka, Baskoniaren harrobiko taldearen aurka jokatuko dute Iraurgiko mutilek eta Azpeitian jasan zuten porrotaren ondoren badute mendeku gosea.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur (2), Urbizu (7), Xabi Oroz (10), Jakes (17), Javi (9), Mikel Iriarte, Mikel Azkue, Luis (6), Beñat Aldalur (16), Jokin (2), Beñat Alzibar (4).