Liderrari errepasoa

img
Argazkia: Kirol Aukera ISB

Kirol Aukera ISBk oraindik galdu gabe zegoen Añorgari 41 eta 67 irabazi zion, lehen zati bikaina egin eta gero.

Behetik gora datorrela dirudi Kirol Aukera ISB bigarren fase honetan. Lehen neurketan ondo galdu eta gero, bigarrenean oso itxura ona eman zuten Arrasaten eta aurreko astean Soraluce Bergararen aurka lehen garaipena batu eta gero, aste honetan kontutan hartu beharreko taldea dela erakutsi du liderrari erraz irabazita.
Ez zen neurketa erraza Añorgaren aurka jokatu beharrekoa. Batetik donostiarrek bigarren faseko neurketa guztiak zituztelako irabazita ordura arte; eta bestetik lehen fasean bitan neurtu zituztelako indarrak elkar eta bietan Añorgakoak irten zirelako garaile. Gainera Donostian jokatzen zen partidua eta Arrieta eta Asierren bajekin joan ziren jokatzera Borja Bellosorenak. Neurketa 7 eta 3 hasi zuten etxekoek aurretik, fisikoki indartsuagoak direla jakinda eta min nondik egin zezaketen ulertuta. Baina errebantxa goseak esnatu zuten horrela etxekoek eta barruko piztia atera zuten kanpora Kirol Aukera ISBkoek. Beldurrak atzean utzita eta kontrarioari horzka egiteko gogoz, kanpotik asmatzen hasi eta defentsa gogorren bitartez kontraerasora behin eta berriz irten ziren. 2 eta 27ko partziala burutu zuten Benta Berri kiroldegira gerturatutako guztiak zur eta lur utzita. Atsedenaldirako neurketa ia erabakita zeukaten kanpotarrek, 13 eta 44 iritsi baitziren aldageletara.
Hirugarren laurdenetik aurrera aldea mantentzera jokatu zuten Iraurgikoek. Gasolina justuarekin zeuden, lehen zatian egindako esfortzua tarteko eta kontutan edukita errotazio kopurua txikiagoa zela lesioak tarteko, indarrak ondo neurtu beharra zeukaten, amaierara itota ez heltzeko. Nekea asko igarri zuten, baina eutsi zioten etxeko taldeari eta azkenerako garaipen handia eskuratuta bueltatu ziren etxera: 41 eta 67. Talde nagusiagoen aurka ere lehiakor izateko kapaz direla erakutsi zuten Añorgaren aurkako neurketan. Aste honetan, inauteriak direla eta ez da jardunaldirik egongo. Ondo etorriko zaie min hartutako jokalariak berreskuratzen joateko.