Garaipenera bueltan

img
Argazkia: Iraurgi SB

Ederki sufritu arren, lau porroteko bolada hautsi eta Zurt Taberna ISBk 66 eta 63 irabazi zion Erroibide Irun-i.

Lau porrot jarraian jasoi izanak kolpe handia eman die Zurt Taberna ISBkoei, batez ere, azken neurketan galdu zuten moduagatik. Kolpetik berreskuratzeko beharrezkoa zuten garaipena lortu taula erdian sailkatuta dagoen Erroibideren aurka, eta joko oso gorabeheratsua egin arren eta ederki sufritu bazuten ere, azkenerako lortu zuten helburua.
Aurreneko minutuetan partidua oso parekaturik joan zen. Etxekoek barruko jokoarekin egin nahi izan zuten min eta Itsasok min egin zuen baloia beheko postean jaso izan zuen bakoitzean, baina gainontzeko erasoetan ez ziren finegi ibili. Gauzak ongi egin nahi horrek prezipitaziora eraman zituen eta baloi askotxo galdu zituzten alperrik. Bien bitartean Irungoek oso argi eduki zituzten ideiak. 4-5 metrotako jaurtiketa errazak topatu arte baloia ongi mugitu eta gero asmatuta, alde egin zuten markagailuan laurden erdirako. Maite Zubizarretak eta Intzak lortutako bi hirukok berriz sartu zituzten neurketan etxekoak. Erroibidekoak min handia egiten ari ziren erasoko errebotean eta Irungoen pibotak zigortzea beharrezkoa zen. Horregatik bigarren laurdenean ere barrutik bilatu zituzten puntuak Zurtekoek eta kanpotik erantzun irundarrek. Erasoan egindako akatsa batzuek berriz ere markagailuan pixka bat alde egiteko aukera eman zion kanpoko taldeari, baina lehen laurdenean gertatu antzera hiruko marratik zuzen zituzten akatsak etxekoek eta pare parean iritsi ziren atsedenaldira: 30 eta 33.
Aldageletatik bueltan, bide berdina mantendu nahi izan zuten Joseba Lizarralderen neskek: barrutik min egiten. Baina oraingo honetan diferentzia batekin, barruan baloiak jarri beharrean, barneraketekin egin zutela eta askoz ere probetxu gehiago atera zuten. Markagailuan aurretik jarri ziren aurrenekoz hirugarren minutuan eta hortik aurrera hor mantendu ziren. Erasoko errebotean ere min gehiago egiteko aukera izan zuten eta bigarren aukerak sortu zituzten, baina markagailuan ihes egiterik ez zuten lortu eta hori beti izaten da arriskutsua. Kanpokoek euren jokoa egiten jarraitu zuten eta etxekoen hutsak behin eta berriz kastigatu zituzten, laurdena puntu bat goitik amaitu arte. Bizitza eman eta kastigua jaso. Bi hiruko jarraian jaso zituzten etxekoek eta irundarrek zazpi puntuko aldea lortu zuten. Denboraldian zehar horren karakteristiko egin dituen karakterra ateratzeko ordua zen eta egin zuten gainera. Berriz ere Maite Zubizarretak lortutako hiruko batek piztu zituen Zurtekoak. Presionatzen hasi ziren, baloiak berreskuratzen eta kanpokoen hutsak behartzen. Azken bost minutuetara iritsita berdinketa erakusten zuen markagailuak: 54-54. Gauza bat zuten baina alde etxekoek: Erroibideren barruko jokoa faltekin zigortu xamar zegoela. Kanpokoek ez zuten etsi eta gauzak zail jartzen segitu zuten. Jaurtiketa libreen marratik baina, fin ibili ziren Zurtekoak eta kanpokoen ahaleginak ahalegin, berriz bueltatu ziren garaipenaren bidera Joseba Lizarralderenak: 66 eta 63.
Saskiratzaileak: (13-13/30-33/47-48/66-63)
ZURT TABERNA ISB: Garazi (12), Eider Iturralde, Sara Zabaleta, Irati (3), Maite zubizarreta (9), Intza Lizarazu (14), Berezi (3), Maite Lizarazu (4), Maitane, Maite Galdos eta Itsaso (21)
ERROIBIDE IRUN: Altzaga (8), Alza (3), Ramirez (6), C. Gonzalez, Martinez (18), Oregi (8), Saenz (7), Gonzalez (2), Arozena (4) eta Borreguero (7)