Hasieratik amaierara aurretik

img
Argazkia: Iraurgi SB

Fundación 5 + 11 taldeari 62 eta 81 irabazita Azkoitia Azpeitia ISB taldeak bosgarren postua eskuratu du sailkapenean.

Baskoniaren aurka jokatzea sekula erraza izaten ez dela talde askok dakite. Egia da baina, beste urte batzuetan, Lehen mailako taldean horrenbeste gazte izateak, irregular xamar izatera behartu zuela Laboral Kutxaren bigarren taldea. Aurtengo Fundación 5 + 11 taldea baina oso bestelakoa da. Beterano asko eskuratu dituzte eta maila honetan urteak daramatzaten Ocariz, De La Torre, Ogueta eta abarren eskutik sailkapeneko aurreneko postuetan ibiltzea bilatu izan dute. Gaur egun, Azkoitia Azpeitia ISBren arerio zuzena dira, lehen bi sailkatuen atzetik datorren multzoan. Gainera, lehen itzulian Azpeitia 3 puntugatik irabazteko gauza izan ziren eta horregatik, Alex Astigarragaren mutilek lortu zuten garaipenak berebiziko garrantzia dauka.

Benetan zen beharrezkoa neurketara ahalik eta kontzentrazio gehienarekin irtetea, defentsan akats gutxi eginez eta lehenbailehen markagailuan alde egiten saiatuz. Ondo bete zituzten aginduak Iraurgikoek eta benetan oldarkor jokatzeko kapaz direla erakutsi zieten etxekoei. Atzean egindako lanak erasoari begira presioa kendu zien gipuzkoarrei eta horri esker jaurtiketetan sekulako bataz bestekoak lortu zituzten. Lehen laurdenaren amaierarako alde egiten hasia ziren ISBkoak. Etxekoak ezinean aurkitu ziren Azkoitia Azpeitia ISBkoen joko serioaren aurrean. Izan ere, Iraurgikoek defentsan sendo jarraitu zuten baita hurrengo minutuetan ere. Gainera errebote lana hobetu zuten eta horrek kontraerasora irteteko aukera eman zien. Jokaldi guztietan atera zuten zerbait positiboa, puntuak ez zirenean, faltak eta aldea handitzen joan zen, atsedenaldira 25 eta 38 iritsi zirelarik.

Argi zegoen etxekoek ez zutela etsiko eta kanpotik puntuak bilatzen hasi ziren zoro moduan. Hau baina aldageletan hitz egin zuten ISBkoek eta jakinda joko hori bilatuko zutela, kanpoko jokalariak gogor defendatzeari ekin zioten, jaurtiketa errazak ekiditeko asmoz. Gasteiztarren jaurtiketek ez zuten bilatu nahi zuten helburua, eta burua galtzen hasi ziren arabarrak. Bikain aprobetxatu zuten hori gipuzkoarrek eta dagoeneko alde handia zena, oraindik eta gehiago handitzea lortu zuten. Azken ahalegina bilatu zuten Baskoniakoek goi-goitik presioa eginez, baina ez zuten guztiz lortu. Zuzenketa batzuk egin eta gero, saskiratze trukaketa batean bihurtu zen, dagoeneko hautsita zegoen neurketa eta azkenerako garaipen bikainarekin bueltatu ziren gipuzkoarrak Gasteizetik: 62 eta 81. Balio doblea duen garaipena gainera, aurkari zuen baten aurka basketaberagea alde izango duelako Azkoitia Azpeitia ISBk. Artolari taldera ongietorri bikaina izan zen beraz.

Hala ere, ez dago erlaxatzeko bat ere denborarik. Izan ere, datorren igandean, euren aurreko sailkatua, Tabirako, hartuko baitute Azpeitiko kiroldegian Alex Astigarragaren mutilek. Partidu honek adieraz dezake Azkoitia Azpeitia ISBk oraindik gora egiteko aukera edukitzen jarraituko duen, edo bigarren multzo horretan murgilduta geldituko den.

Saskiratzaileak: (15-21/25-38/35-56/62-81)

AZKOITIA AZPEITIA ISB: Xabi Aldalur(7), Urbizu(14), Oroz(10), Jakes(20), Jabi(12), Azkue(8), Luis(3), Beñat Aldalur(2), Artola(4), Beñat Altzibar(1).