Hirugarrena jarraian

img
Argazkia: Iraurgi SB

Bigarren faseko lehen itzulia Zast-i 69 eta 50 irabazita amaitu du Kirol Aukera ISBk, hirugarren postuan, baina bigarrenarekin berdinduta.

Lehen bi neurketetan porrot mingarriak jaso eta gero, Kirol Aukera ISBk kolpetik jaikitzeko kapazitatea badaukala erakutsi du, eta nola erakutsi ere: hiru neurketa jarraian irabazita. Azkena Zarauzko Zast-en aurka. Joan den astean liderrari irabazi eta gero azken sailkatuaren aurka jokatzeak nolabaiteko konfiantza sortu zuen Borja Bellosoren taldean. Gainera notizi on bat izan zuten, Aimar Olaizola eta Asier Larrañaga baja izan arren, Aitor Arrieta aspaldiko partez kantxetara itzultzeko moduan zegoela ikusi zuten. Horri neurketa hasi eta 7 eta 0ko partziala gehitu behar zaio. Bazirudien, goiz lasaia pasako zutela Kirol Aukerakoek, baina nagusi sentitzea batzuetan okerrerako izaten da eta gehiegizko erlaxazioa ekartzen dio taldeari. Zarauztarrek lanean jarraitu zuten eta etxekoen defentsa ahula aprobetxatu zuten atsedenaldira puntu bat goitik iristeko.
Gauzak oraindik gehiago zailtzeko, barruko jokalariak faltaz josita zeuden eta hori dela eta, minutu askoan kanpoko bost jokalarirekin jokatzera egon zen behartuta Iraurgi. Taktika aldatu eta gogorrago defendatuz kontraerasoan min egin nahi izan zuten eta baita lortu ere. Jarrera oso bestelakoa izan zen eta azkenerako partiduari buelta eman bakarrik ez, erraz nagusitzen amaitu zuen Kirol Aukera ISBk: 69 eta 50.
Hurrengo neurketa ostiralean jokatuko dute Inter taldearen aurka. Donostiarrak bigarren sailkatuta daude, ISBkoekin garaipenetara berdinduta. Lehen itzulian errepasoa eman zieten gainera Bellosoren mutilei, baina neurketa hori irabazteak “lauko finalean” egoteko txartela lortzeko aurrerapauso galanta suposatuko luke Kirol aukera ISBkoentzat eta ziur horretan saiatuko direla.