Bolada onean

img
Argazkia: Iraurgi SB

Azkoitia Azpeitia ISBk bosgarren postua finkatu eta laugarrenarekin berdindu da Tabirakorik 81 eta 75 irabazi eta gero.

Azkoitia Azpeitia ISB sasoi onean dagoenik ezin uka daiteke, azken hiru neurketak jarraian irabazi baititu, eta sasoi puntu hau aurkari zuzenen kontra jokatu behar duzunean notizi bikaina izaten da. 8 jardunaldi falta dira lehen fase hau amaitzeko eta edozer gerta daitekeela argi dago. Badirudi lehen bi sailkatuen artean jokatuko dutela lehen postua, baina gero nahiko berdindurik dagoen multzo bat dator eta multzo horretan bosgarren postua finkatzea lortu du Alex Astigarragaren taldeak. Hori kontrario zuzen bati irabazita lortu du gainera, laugarren postuan kokatuta dagoen Tabirako garaituta, eta orain bi taldeak garaipenetara berdinduta aurkitzen dira.

Bi aurkari zuzenen arteko lehia izanik, partidu gogorra eta estua espero zen, eta halaxe izan zen, nahiz eta lehen laurdenean ISBkoek alde handia hartu zuten. Jaurti zuten ia guztia saski barruan jarri zuten etxekoek, Durangokoak zur eta lur utzita. Defentsan gainera lan serioa egin zuten gipuzkoarrek eta horrek lehen laurdena 28 eta 13 irabazten amaitzera eraman zituen. Baina lehen minutuetan sartu zuten guztia, bigarren laurdenean huts egin zuten Iraurgikoek. Bizkaitarrek defentsa lerroa asko igo zuten eta horrek zaildu egin zuen ordura arte etxekoentzat erasoko lan erraza izan zena. Pazientzia galtzen hasi ziren Azkoitia Azpeitia ISBkoak eta horrek oraindik eta kalte handiagoa egin zien, atsedenaldira puntu bat azpitik iristeraino.

Bigarren zatian, hasiera batetik espero zen partidu estua ikusteko aukera egon zen. Parekotasuna nagusi izan zen, bai saskiratzeak elkartrukatzerako orduan eta baita hutsak egiterakoan ere. Bi taldeek defentsa lanean oinarritu zuten euren jokoa eta tentsioa nabari izan zen azken minutuetara arte. Saskiratze trukaketa honetan baina, etxekoak irten ziren garaile, azken minutuan alde txiki bat lortu eta honi eusteko kapaz izan zirelako. Azkenean 81 eta 75. Aberagea ez zuten parekatzea lortu, baina hala ere garaipen benetan garrantzitsua eskuratu zuten Azkoitia Azpeitia ISBk.

Orain bolada onari jarraipena ematea tokatzen da. Datorren asteburuan Abusuko La Peña taldearen kantxa zailean jokatuko dute Alex Astigarragaren mutilek eta denboraldiko unerik garrantzitsuenetara iristen ari direlako jakinda, garaipena kosta ala kosta lortzea izango dute helburu.

Saskiratzaileak: Xabi Aldalur (3), Urbizu (12), Xabi Oroz (19), Jakes Alberdi (15), Jabi Amenabar (13), Azkue, Unai Amenabar, Luis (9), Beñat Aldalur (8), Artola (2), Jokin