Merezitako porrota

img
Argazkia: Iraurgi SB

Denboraldiko neurketarik txarrena jokatuta, Zurt Taberna ISBk sekulako jipoia jaso zuen Fundación Ardoiren aurka eta 34 eta 54 galtzen amaitu zuen.

Irabazi ala galdu, lehiaketa baten barruan zaudenean, biak ala biak gerta daitezke. Batzuetan galtzea merezi duzunean irabazten amaituko duzu eta beste batzuetan irabaztea merezita galtza tokatuko da. Hau baina gutxitan gertatu ohi da. Normalagoa da, porrota jasotzea merezi duzunean eta alderantziz. Merezita galdu du aste honetan Zurt Taberna ISBk, denboraldiko partidurik txarrena jokatu eta gero. Azken partiduetan, eta batez ere etxean jokatu izan dutenean, denboraldian zehar erakutsitako karakterretik oso urrun ari dira jokatzen Joseba Lizarralderen neskak. Badirudi, lehen porrota jaso zutenetik, taldeak norabidea galdu duela eta azken asteetan ez dauka lehen itzulian guztiak zur eta lur utzi zuen taldearekin bat ere antzik. Oldarkortasuna eta borrokarako gogoa galtzen hasia dago taldea, denboraldia luzeegi egiten ari zaionaren sentsazioa emanez. Urtean zehar egindakoa txapela kentzeko modukoa da, eman duten itxura eta sufritzeko kapazitatea bikaina izan baita, baina orain azken txanpara iritsita, azken esfortzua eskatu behar zaie.

Neurketa oso gaizki hasi zuten etxekoek. Aldageletan hitz egindako guztia segituan ahaztu eta taldean jokatu beharrean, bakoitzak bere puntuak eta bere protagonismoa bilatu nahi izan zuen. Atzean gainera, erraztasun asko eman zieten nafarrei. Kanpokoek 0 eta 9ko partziala egin eta gero hasi ziren pixka bat esnatzen etxekoak. Defentsa estutu zuten eta pixka bat gerturatzea lortu zuten. Bazirudien taldea goraka zetorrela eta lehen minutuak ahaztuta gutxika-gutxika jokoa hobetuko zuela, baina bigarren laurdena bide okerretik joan zen beste behin. Baloia mugitzeko ideiarik gabe, botea gehiegi erabilita eta azken segundoetan jaurtiketa txarrak egitera behartuta puntuak lortzeko sekulako zailtasunak eduki zituzten. Atzean gainera hasierako minutuetako erraztasun berdinak eman zituzten eta atsedenaldira 13 puntu azpitik iritsi ziren: 19-32. Baina emaitza ez zen neurketako txarrena, etxeko taldeak plazaratutako sentsazioak ziren eta okerragoak.

Bigarren zatian baina ez ziren gauzak hobetu. Fundación Ardoikoek gauza askorik egin gabe, partidua kontrolpean izan zuten momentu oro. Etxekoak, guda bakoitza bere kabuz egin nahian, buru gabe jokatuz eta bihotzarekin nahi eta ezinean. Kanpokoek berriz Zurtekoen huts guztiak aprobetxatuz eta nahiz eta puntu gehiegirik sartu ez, distantzia gutxika-gutxika handituz, amaierako 20 puntuko abantaila lortu arte: 34 eta 54. Duda gabe, ahazteko moduko partidua.

Egia da, oraindik bost lehenen artean sailkatuta dagoela Zurt Taberna ISB eta bere hurrengo sailkatua bi neurketara dagoela, horrek nolabaiteko lasaitasuna eman dezakeelarik. Baina momentu honetan, playoffak ez dauka garrantzirik, askoz ere inportanteagoa baita ia denboraldi osoan ezagutu dugun Zurt berreskuratzea, bere oldarkortasunarekin, borrokarako gogoarekin, korrika egiteko gaitasunarekin… neska hauek saskibaloiaz gozatzera eraman duten jokoarekin. Datorren astean, Burlatan izango dute horretarako aukera.

Saskiratzaileak: (13-17/6-15/8-11/7-11)

ZURT TABERNA ISB: Garazi (2), Eider Iturralde, Sara Zabaleta, Irati (6), Maite Zubizarreta (2), Intza Lizarazu (9) Berezi, Maite Lizarazu (8), Itsaso (6), Ane Goenaga, Naroa (1).

FUNDACION ARDOI: Martinez, Perez (5), Santesteban (4), Gil (13), Alfonso (5), P. Perez (1), Arregi (5), Satrustegi (2), Herrea (15), Moracho (4)